Ez dago zertan biobidertsitatea jaten ere akabatzeko inolako beharrik
San Sebastian bezperako afarietako menuetan angularik ez jartzeko eskatu die Eguzkik donostiarrei eta, bereziki, elkarteei. Alegia, eskatu die joateko Subijana, Aduriz edo Arzak abiatu diren bidetik. Izan ere, sukaldari ezagun horiek, Relais & Chateaux eta Eurotoques nazioarteko elkarteen proposamena ontzat joz, beraien kartetatik erretiratu dituzte aingirak eta angulak osagai dituzten platerak.
Zergatik? Aingira, espezie gisa, oso egoera larrian dagoelako. Zientzialarien artean ez dago horretaz inolako dudarik. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, «Galzori Larria» kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edo ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak. ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europako Batasuna arrantza kontuetan aholkatzen duen zientzia erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira «segurtasun muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian», eta faktore antropikoek —arrantzak barne— eragindako hilkortasunak «0an edo 0tik ahal den hurbilen» egon beharko lukeela. EBk neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Egoera gero eta okerragoa da, ordea. Horregatik, 2022an eta 2023an, ICESek zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du. Hona hemen datu ezin adierazgarriago bat, AZTIk emana: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen.
Badakigu batzuentzat San Sebastian bezperan angulak jatea tradizioa dela. Baina tradizioaren oinarria da gure errioetan espezie hau bizitzea. Desagertzen bada, akabo tradizioa. Eta zientzialariek argi eta garbi dioskute horixe gertatuko dela, berehala neurri zorrotzak hartu ezean, behintzat.
Arrantza ez da aingiraren egoera penagarriaren eragile bakarra. Horregatik, arrantza bertan behera utzita ere, oso litekeena da espezieak aurrera ez egitea. Baina arrantzak jarraituz gero, seguru ezetz.
Horregatik eskatzen diegu donostiarrei angulak jateari uko egiteko. Plazan nahikoa jaki goxo badago eta gure sukaldarien artean nahikoa jakituria badago angularik gabe ere primerako menuak prestatzeko.
Biodibertsitatea kinka larrian dago berez. Ez dago zertan jaten ere akabatzeko beharrik.