'Ez dakite ondo nondik jotzen duen haizeak'
Josu Tellabide, etnologoa
Adineko pertsonok ikusten dugu gure herrian nola jaiak nola ohiturak aldatzen diren. Fraideen, mojen eta eskolatik igaro ondoren —gaztelaniaz, jakina— gazte bihurtu ginen eta jaiak sanoki disfrutatzen ikasi genuen, inortxo ere gogaitu gabe. Ez ginen komunikabideen bidez futbolaz eta enteratzen.
Gainera, batzuek irakurtzeko grina ere bagenuen, eta horri esker jakin genuen gure herriak aspaldidanik badituela festa entzutetsuak, urtarrilaren 20tik inauteriak bitartean ospatzen zirenak. Festa haien artean, azpimarratzekoa, jolas nagusia, sokamuturra zen (eta ez gaurko danborrada), besteak beste Dionisio Azkuek Mi Pueblo Ayer bere liburu zoragarrian kontatzen duen bezala. Sokamuturrak aparteko azterketa merezi du. XX. mendearen hasieran debekatu egin zuten, dirudienez, udatiarrentzat gogaikarri gertatzen zelako.
Gaur geratzen zaigun donostiar jolas herritar bakarra danborrada da, zeinaren jatorria inauterietako konpartsetan aurkitzen baita, frankismoaren garai luzeak desagertu ezin izan zuena. Aste Nagusia lehen aipatu udatiarren gozamenerako izan zen asmatua.
Benetako herri-jairik ezak, adibidez, piratak izeneko ekimena sortu du, gazte donostiarrek asmaturik. Halaber, ekar liteke gogora duela hiruzpalau urtetik hona Bulebarrean egiten den ekimena, 1813ko abuztuaren 31ko Donostiako hiriaren suntsipena eta genozidioa gogorarazteko. Egun horretan armada ingelesak, soldadu portugesekin batera, tropa napoleonikoen aurka gerran ari zen espainiar armadarekin aliatuta, Donostiako hiria suntsitu zuen.
Itxura pseudomilitarra duen ikuskari berri honek, besteak beste, ingelesak irudikatzen ditu hiria konkistatzen, frantses armadaren menpetik liberatu eta aldi berean arpilatu, emakume eta neskatoak bortxatu eta erailtzeko, azkenean gure herriari su eman eta desagerrarazteko. Hau guztia, Castaños eta Lava jeneral espainolen eta Wellington ingelesaren aginduak betez. Donostiar biktimen ahotik jasotako testigantzen arabera, Castaños espainiar jeneralaren agindua Donostiari su eman eta bertako biztanle denak ezpataz pasatzea zen.
Aipatu aginduak Wellingtonen menpekoa zen Graham jeneral ingelesak betearazi zituen, oso eraginkorki gainera. Agintari espainolek gorroto zieten donostiarrei, dirudienez, euskaldunak eta foruzaleak izateaz gainera, Napoleonen aldekoak zirelako, modernitatearen aldekoak eta frantsesen aurka borrokan ez zutelako espainiar abertzaletasunik erakutsi. Eta ez dakigu Wellingtonek zer eduki zezakeen gure aurka Castañosen aginduak horren eraginkorki betearazteko agintzeko.
Wellington odolkoiak beti adierazi zuen berak ez zuela zerikusirik izan genozidio harekin, horrela koldarra eta faltsua ere bazela demostratuz.
Orain arte azaldutakoak gogoeta bat izan nahi luke, Donostian gauzatu zen genozidioaren 200. urteurrenaren oroitzapena datorren urtean egiteko. Burura datorkit Castaños espainiar jeneralaren agindua bete zuten ingeles eta portugesen tropen irudikapen xume bat egin daitekeela, era argi eta pedagogikoan.
Halaber, nire iritziz, aipatu krimenak ezin daitezkeela danborrari jantzitako jendeak donostiar martxa alaiak interpretatuz irudikatu, askok usteko bailuke espainiarren aliatuak ziren haiek egin zutena Donostia frantsesen menpetik liberatzea izan zela eta 1813ko abuztuaren 31 data guztiz zoragarria izan zela gure herriarentzat. Zer hori baino faltsuagorik. Frantses okupatzaileen atzean espainiarrak aurkitzen ziren; giza sufrimendua ezin daiteke ospatu, errespetuz oroitu bakarrik baizik; gizarte irainduaren delituak ez dira inoiz baliogabetzen; azkenik, ez da bidezkoa inolako parte hartzerik izan ez zuten zorigaiztoko biktima triste haien kontura barre egitea liratekeen fartsak antolatzea. Lehen esan bezala, danborradak inauterietan du jatorria eta prestigioa galduko luke hain gertaera gaitzesgarriekin uztartzean eta 1813ko abuztuaren 31ko drama fribolizatua geratuko litzateke (edo agian ezkutatua).
Hau guztia ezagutzera eman nahi ditudan gogoetak dira, ez besterik. E. Munarriz Urtasun espainiar armadako komandanteak, 1958an diktadura frankista bete-betean publikaturiko bere nobela historikoan, 1813an Donostiak jasandako setioari buruz honela dio: «1813ko abuztuaren 31 hartan Graham jeneralak, independentzia gerran Espainiaren aliatuak ziren ingeles eta portugesen buru zelarik, Donostia liberatu zuen; baina hara gauza harrigarria, menderatuak izan ziren frantsesak guztiz adeitsuki tratatuak ziren bitartean, hiri adiskidea, bere salbatzaileak besoak zabalik hartu zituen hiria, su eta gar kiskali eta arpilatze basatien eta gizagabeenaren objektu izan zen. Hau bukatzean, Donostia desagertua zen eta lehendik zituen 600 etxeetatik 36 bakarrik geratu ziren zutik, Trinitate kalekoak, Gazteluaren aldeko espaloikoak, portugesen ostatu izan zirenak. Sarraskia ekidin ahal izan zuten bizilagunak inguruko herri eta baserrietan errefuxiatu ziren».
Hau guztia espainiar armadako komandante batek idatzi zuen frankismo bete-betean, hain zuzen ere, gu Formacion del Espiritu Nacional deitu irakasgaian eskolatuak izan ginen garaian, zeinak Historiaren pasarte batzuk ahaztea gomendatzen zuen.
Eta batzuek, haizeak nondik jotzen dien ez dakiten horiek, oraindik ere enteratu gabe dauden horiek, agian ausartu egingo dira armada inbaditzaileak okupatutako hiria erasoz hartzera, arpilatu eta kiskaltzera eta bertako bizilagun gehienak ezpataz pasatzera, San Jeronimo kalearen sarreran dagoen plakak dioen bezala, guztia kanoikada ozenez, olerkiak irakurriz, loreak oparituz eta martxa alaiak eginez.
Kasu honetan, zer dagokigu egitea donostiarroi eta turistei? Barre egin, txalotu, musika doinuaz salto egin, ala izuturik ihes egin eta inguruko herri eta baserrietan errefuxiatu?
Aipatu beharra dago 1813ko egun dohakabe horretan meritu bat bakarra ikusten dutenak ere: hiria berreraikitzea. Suntsipenak aipatzea gustu txarrekoa da, ezta? Baina, entzun, Donostiaren berreraikuntzaren gorespen handiak kontatu behar baldin badizkidazu, lehenengo bere suntsipena esplikatu beharko didazu.
Askori benetan gehiago interesatzen baitzaigu Historia –suntsipena– eta Justizia –sarraskiaren biktimak ohoratzea–, eraikuntzaren sektoreko gremioen jardueraren historia baino, errespetu handiz esanda.