Ez duzue ezer ulertu
Emakumeon indarkeriaren kontrako egunaren atarian osteguneko Donostiako Udalbatzarrean entzun behar izan genuena sinetsi ezinean gabiltza. Duñike Agirrezabalaga andereak, Donostiako berdintasun saileko zinegotziak, gure jarduna kritikatu zuen inpunitate osoz eta egiari men egin gabe.
Telefonoen gerraz ari zarete, konpetentzia desleial bat balitz bezala emakumeoi* eskaini behar zaizkigun babesak aurrera eramatea. Urte luzez emakumeon saretzean lanean aritu direnekiko errespetu falta izugarria da. Erakundeek iritsi nahi ez duzuen arren, beharrek bertan diraute eta ez gara zuen zain egongo. Ez dugu zuen baimenik behar ez antolatzeko ezta erasoei erantzuteko ere. Egunero kolpatzen gaituen indarkeria sexistari aurre egiteko, emakumeok* tresnak behar-beharrezkoak ditugu, eta hainbeste auzoetan antolatzen diren telefono, puntu more eta brigadak gure tresnarik zorrotzenak dira. Tresna hauek etsaitzat ikusten dituzue, esfortzurik egin gabe eta beraien zergatian pentsatu ordez. Ez zarete ezer ulertzen ari.
Amorruz betetzen gaitu zuek, baliabide guztiak mahai gainean jartzeko aukera duzuenok, horrela jokatzeak, eta baita mugimendu feministari eta Piratoi zuen egituraren deskoordinazioa leporatzeak ere. Koordinazio mahaia jada baduzuela diozue; non dago ba? Nora begira zaudete? Jaietan ematen den indarkeria sexistaren kontra benetako apustu bat egitera gonbidatzen zaituztegu, informazio puntuez eta zuen burua zuritzeko elkarretaratzeez harago. Zer esanik ez, erasotzaileei aurre egin beharrean biktima pontentzialoi kontuz ibiltzea gomendatzen diguten ertzainen komisaldegian topatu genituen eta zuen sinadura zuten esku-orriez. Berriz ere emakumeon gain uzten dute ardura guztia. Noizbait ulertuko al duzue zerbait?
Gure datuak partekatu nahi ez ditugula diozue. Bildu zaitezte gurekin eta eska iezazkiguzue guri beharrezko sentitzen dituzuen datuak. Oraindik ez dugu zuen deirik jaso eta ez dugu zuen posta elektronikorik spam-ontzian. Non zineten zuek Festak!-ekin bildu ginenean? Zergatik ez zenuten muturra sartu? Gezurrik ez, mesedez. Bestalde, guk ez dugu Emakumearen Etxean, Ertzaintzan eta Udaltzaingoan jasotzen diren salaketen zalantza izpirik egiten. Zergatik egiten duzue zuek zalantza gure kontaketaz? Datuak aldatzen ditugula? Benetan uste duzue datuak asma ditzakegula? Berriro ere emakumeon hitza zalantzan jartzen ari zarete. Jaitsi zuen bulegoetatik kalera eta ikusi zein den bizi dugun errealitatea. Erakundeetatik salaketa judizialera bultzatu nahi izaten gaituzue, eta horretan burugogor jarduten duzue, errealitatean salaketa horren nondik norakoek ez diotenean erasotuari behar duen harrera egiten ez babesten. Aste Nagusian bizi izan genituen salaketa prozesuak ikusita, edonori kenduko litzaizkioke salaketa aurrera eramateko gogoa eta indarra. Horregatik, gure baliabide propioak sortzen jarraituko dugu, erasotuaren erabakia errespetatzen, bere nahiak erdigunean jarriz eta bere hitza zalantzan jarri gabe. Gehiago trastornatzen zaituztete gure ekintzek erasoek baino. Ene bada, ez duzue inondik inora ere ezer ulertzen.
Badakigu gaurko egunean ere aurpegia zuritzeko asmoz bilduko zaretela, erabilgarriagoa litzateke, ordea, hausnarketaren bat edo zuen baliabideak behingoz erabiltzen hastea. Mesedez, ez zaitezte geratu argazki soil batean. Guk argi dugu: saretzen jarraituko dugu, tresna berriak sortzen eta dauzkagunak lantzen, eta ez dugu zuen baimenik ezta onespenik ere behar horretarako. Donostiako eta Euskal Herriko emakumeok* sare bat dugu eskuen artean, pixkanaka ehuntzen goazena eta egunetik egunera indartsuagoa dena. Kontra egin iezaguzue nahi izanez gero, baina jakin dena duzuela galtzeko.
Azkenik, eskerrik asko babesa eskaini diguzuen guztioi, gugan konfiantza jarri eta salatzera gerturatu zaretenoi. Baita gurekin batera Aste Nagusian zehar lanean ibili zareten feminista guztioi. Batera indartsuagoak gera. Berriro diogu, ez duzue ezer ulertu, baina tori mezu argi eta ulergarri bat: ez zaituztegu behar aske izateko!
Donostiako Piraten Zirgari lantaldea