Ez gaituzte babesten, erasotzen gaituzte
Komunikabideek albiste erreakzionarioez bonbardatzen gaituzte: delinkuentziaren gorakada, etorkinen aurkako mezuak, segurtasun eza… Baina apenas agertu da abuztuan Donostian bere emaztea erailtzen saiatu zen ertzainaren kasua; izan ere, aste honetan jakin dugu ertzaina oraindik ez dutela bere lanpostutik bota eta bere soldata publikoa jasotzen jarraitzen duela.
Egoera oso larria da eta aurrekari oso arriskutsuak ezartzen ditu. Bere emaztea hiltzen saiatu den polizia/funtzionario publiko bat inpunitate osoz tratatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Modu horretan, etorkizunean gerta daitezkeen indarkeria matxista kasuen aurreko erantzun eza indartzen ari dira. Horregatik diot horrelako erabakiek erasotzaileen inpunitatea indartzen dutela; izan ere, eraso baten aurrean eta, konkretuki, erailketa saiakera baten aurrean, irmoki ez erantzuteak, erasoa eta erasotzailea babestea esan nahi baitu. Modu horretara, instituzioak indarkeria matxistaren konplize bihurtuz.
Gainera, honakoa ez da kasu isolatua, behinola ertzain batek egindako erasoa. Hain zuzen, Espainiako Estatura erreparatuz gero, ikus dezakegu, udako eraso matxisten %15 poliziek egin dituztela eta datua berdina da 2023ko udako datuak begiratzen baditugu. Bitartean, eskuineko influentzerrak, komunikabideak… segurtasun arazoa dugula behin eta berriro errepikatzen ari diren horiek, neurri autoritarioak hartzea eta Polizia indarra hauspotzea eskatzen dute. Nik argi dut, ordea, Polizia segurtasun ezaren parte dela, besteak beste, eraso matxistak gauzatzen dituztelako, edota trans legea interes pertsonaletarako erabiltzen dutelako. Nork babesten gaitu bada Poliziaren aurrean?
Erasotzaileen aurrean jarrera irmoa erakustea eta horien inpunitatea borrokatzea urgentziazko egitekoak ditugu; hain zuzen, gure auzoetan eta kaleetan matxismoak izan dezakeen zabalpenari muga jartzea eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzea. Horrelako gertakariek salaketa publikoa indartu eta matxismoaren kontrako kontzientziazio lana egiteko balio behar digute.