Ez gara denbora-pasak
Azken egun hauetan etxetik egiteko sei kontzertu eskaintza izan ditut, eta horrek zer pentsatua eman dit. Ez dut zalantzan jartzen antolatzaileen borondate ona, agian baten batean edo gehiagotan parte hartuko dut, baina non daude eskaintza horiek pandemiarik gabeko garaietan?
Urtea hasi zenetik diskoa aurkezteko kontzertuak lotu nahian ibili naiz. Badakizue zenbat lortu ditudan? Bi. Dokan bata, erdi-familia direlako; lagun batek antolatutako jaialdi txiki batean bestea.
Lau disko defizitario kaleratu ditut azken urteotan, bosgarrenarekin nabil, eta honetan ere nire poltsikotik ordaindu beharko ditut galerak. Banda bat dut, sei lagun gara. Entsegu eta kontzertu orduak batu eta bakoitzak kobratu dugun kopuruarekin zatituko bagenitu, lanik prekarioena baino prekarioagoa izango zen, zalantzarik ez dut.
Beste musikari askok bezala, beste lan bat dut (guk ere komuneko papera erosi behar dugu). Gaur lanera joan behar izan dut automatarena egitera beste 30 kiderekin batera. Badirudi hango airea birusik gabekoa dela; bestela, ez dut ulertzen Polizia galdezka izatea ogia erostera zoazenean, eta, gero, zortzi orduz leku itxi batean 30 lagun konfinatuta egoteak arazorik ez suposatzea.
Egin ezazu musika euskaraz, babestu gure kultura… eta nork babesen gaitu gu? Kontzertuak eman nahi ditut, baina ez daukat non.
Berrogeialdi hau pasa ondoren, nekez lortutako kontzertu urri horiek jotzen jarraituko dugu betiko bost jarraitzaile leialen aurrean. Ez legoke gaizki orain etxean gelditzeko egiten diren kanpaina hauen antzera, ondoren gaztetxe, antzoki, taberna eta aretoetara joateko deialdi bilakatzea.