Ez goaz inora
Etxebizitza. Norberarena den mundua lau paretetan gordeta. Geurea bezalako gizarte demokratiko batek jasotako eskubidea da, baina eskubide honek tranpa asko ditu. Horietako bat, ez duela etxebizitza horren kokalekua, egoera ala prezioa zehazten. Horregatik, eskubidea hankamotz gelditzen da, putreen gozamenerako.
Donostian badira putreen hegaldia kokotean sumatzen hasi diren ehunka bizilagun; Bentaberrin, 510 familiak etxea gal dezakegu hamarkada amaitu aurretik (duela bi urte Blackstone inbertsio funts estatubatuarrak erosi zuen Testa Residencial higiezinen enpresa, eta 2028tik aurrera etxebizitzek babes ofizialeko izaera galduko dute), eta Parte Zaharrean, Grosen eta Egian Azora funts putreak Donostiako 300 familiaren etxebizitzak erosi ditu. Bideratu dira bizilekuak defendatzeko borrokak, eta ate guztietara deiadar egin da; kaleratzeak gelditzera ere iritsi dira, baina laguntza erreguek ez dute agintarien erantzunik jaso.
Aipatutako auzoetako etxebizitza horien egoerak ez du inolako zentzurik; nola liteke posible 187.000 biztanledun hiri batean lau auzotan banatutako ia 1.000 familiak egun batetik bestera urtetan beren etxea eta auzoa izan direnak utzi behar izatea? Familia hauek ez dira doan bizi etxe horietan; urtetan utzi dituzte aurrezkiak, eta denbora berean eraiki dituzte euren bizitzak; seme-alabak ekarri dituzte hirira, maitatu dira, banandu dira, ezagutu dira, harremanak eraiki eta deseraiki dituzte… bizi oso bat eskaini diote auzoei, bertako nortasuna bereganatzeraino.
Bizilagunok entzun ditugun aitzakiak askotarikoak dira; egoera ulertzen dute, babesa eskaintzen digute, baina inork ez du putreak uxatzeko tirorik botatzeko asmorik. Auzotik kaleratu nahi gaituzte, baina zer bihurtuko dira auzo horiek bertako bizilagunak kanporatzen dituztenean? Norentzat izango ote da hiria? Donostiarrok beste Donostia bat sortu beharko ote dugu, geurea den bizitokia turismoaren, handinahikeriaren eta ezinezko errenten esku abandonatuz? Beharbada, horixe izango da etorkizuneko hiria; baina borrokatu gabe bederen, ez goaz inora