Ez horregatik
Gaurkotasuna duen zerbaiti buruz idatzi behar nuela esan zidaten. Emakume izateari buruzko zerbait eta, ahal dela, nire zereginen batekin lotua dagoena. Emakumea eta Musika kontzeptuen koktelak mozkorraldi dezente ekarri ditu azken urteotan; eta nik, ez naizela asko mozkortzen den horietakoa (ejem), nahiago izan dut gai hori beste batentzako utzi. Gainera, zer esan nezake nik berria musika egiten dugun emakumeon inguruan?
Inuzentea, ni. Gure nonahiko patriarkatu detailezaleak ez du egun bakar bat ere behar izan testu hau idazteko ideia interesgarri bat oparitzeko, San Valentingo lore sorta lez: MIN Sarien, Espainiako Musika Independentearen Sarien, izendatuen ebazpena iritsi zen aurreko astean. Eta, asmatu zer…? Bai. Euskarazko Album Onenaren Saria irabaz dezaketen taldeetako kideen artean, ez dago emakume bakar bat besterik.
Xehetasun bat, jarraitu aurretik: gure taldea ere bertan zegoen. Baina datu horrek kritika egitera deslegitimatzen nauela uste duenik baldin badago, lasai utz dezake irakurketa: ez dit batere axola. Gogoan dut, izena eman genuenean, euskarazko disko onenaren kategorian geundenon zerrenda begiratu eta sentsazio baikorrarekin geratu nintzela: emakume dezente zegoen (%15a edo emakumezkoak ginela ikustearekin begiek dir-dir egin izana oso tristea da, baina horrek beste artikulu bat merezi du). Bazegoen aukerarik. Baina, azkenean, ez genuen lortu izendapenetan %15 ziztrin hori bera ere ordezkatzea. Aurreko urteko izendatuen zerrenda begiratu, eta, hara! Egoera berdinarekin topo egin dut: emakume batek lideratutako talde bakarra zegoen.
Pazientzia da edozein ogibideren motorra. Aukeratuak ez gara izango oraindik, baina aukeratu dezakegu non egon. Lana gogor eginez, eta konstantzia mantenduz lortuko dugu portzentaiak iraultzea. Eta ea behingoz «eskerrik asko» esatetik «ez horregatik» esatera igarotzen garen.