…ez naiz itzuliko
Urte osora zabaldu den turista uholdea nabarmen areagotzen da uda partean, jakina. Maiatza amaiera aldean lankide batekin izandako solasaldiari tiraka. Antiguatarra bera, sortzez Grosekoa ni. Antiguan ordurako zegoen turista uholdeaz mintzo. «Amerikarrak (alegia, estatubatuarrak), topera. Maiatzean !» Eta nik : «Ba, Grosen….». «Uff, Gros! Azkenekoz izan ginenean, pasada bat. Ez gara itzuliko», esan zidan. Zer pentsa eman zidan orduan bere erantzunak. Geroztik, gero eta gehiagotan entzun dudan esaldia izan da, zenbaitetan taberna edo jatetxe jakin bati buruz, baina baita kale edo auzo oso bati buruz ere.
Hiria aspaldian ez da jada herritarrona, edo ez behinik behin, herritar guztiona. Turismoak hiriaren bilakaera markatu du XIX. mendeaz geroztik, Espainiako koroaren tropa aliatuei hiria suntsitzeko baimena eman ondoren. Hiria berreraiki geroztik, Donostiaren bilakaera estuki lotua egon da turismoaren bilakaerari, baina ez egungo tamainan, ez eta orain duen inpaktuan. XIX. mendeko Donostian, udatiarrak joan eta, hiriak bere martxa segitzen zuen, industria eta tailer ugari zeuden, bai eta baserritar eta arrantzaleak ere. Egun halakorik ez da geratzen, ez bada Parte Zaharreko turistentzako merchandising-a eskaintzen duten dendetan, postal edo souvenir itxuran.
Ilarak tokiz aldatu dira: hutsik zeudenak turistez gainezka. Eta donostiarroi, hiriko zenbait auzo gero eta arrotzago bihurtzen ari zaizkigu
Masa turismoaren aurkako herritar mugimendu antolatuak agertu dira azken urte hauetan Europako toki desberdinetan. Veneziako kasuak piztu zuen arreta duela urte zenbait eta Kanaria uharteetatik datozkigu oihartzunak duela ez hainbeste. Donostian ere, azken hilabeteotan, biderkatu eta zabaldu egin dira turismoak hirian eta batez ere hiritarrongan duen eragina salatzeko ekimenak. Horren erakusle, duela urte batzuk Parte Zaharreko kaleetako hormetan agertzen hasi ziren Tourist go home pintaketak beste auzo batzuetan ere topatzen ditugula, izan Grosen, Egian, Antiguan edo Erdialdean.
Italiaraino iritsi dira Donostiako turistifikazioaren oihartzunak egunotan, Il Manifesto egunkarian erreportajea, kasu. Eta biharamunean, El Confidencial agerkariak Donostia berriz ere madrildar aberatsen esku egongo dela iragartzen zuen. Kasualitatea ote, egun batzuk beranduago, EITBren inkesten datuak, turismo masifikaziorik ez dagoela argudiatuz —turista, definizioz, gau bat bere etxetik kanpo pasatzen duen pertsona baita—, bisitari, txangozale eta abarrak aipatuz. Pertzepzio kontua omen. Ez bide zen pertzepzio kontua 2021ean, pandemia betean, oraindik itxitura perimetralen mende geunden garaian, Parte Zaharreko zenbait ostalarik donostiarroi bertara kontsumitzera joateko deia luzatu zigutenean, prentsaren bidez. Sozializazioa neurri estuen mende zegoenean, edukiera mugatuta, adierazgarria izan zen ikustea nola taberna eta jatetxe batzuen aurrean ilarak sortzen ziren eta, aldiz, beste batzuk, ondoan, huts-hutsik zeuden. Egun, ilarak tokiz aldatu dira: hutsik zeudenak turistez gainezka. Eta donostiarroi, hiriko zenbait auzo —Parte Zaharra, Gros, Erdialdea— gero eta arrotzago bihurtzen ari zaizkigu.