Ezetzak eta presak
Ez dakit zeini zen, baina musikari bati egiten ari zitzaizkion elkarrizketa bat entzuten ari nintzen irratian. Pertsona gazte baten ahotsa zuela esango nuke eta gustura ari ziren, lasai.
Kontua da une batean hasi zela kontatzen erabakia zuela pixka bat lasaiago ibiltzea. Lehenago ez bezala, orain, eskaintzen dizkioten kontzertu batzuei ezezkoa esaten diela, beretzako eta familiarentzako denbora gehiago hartzen duela, garrantzitsua dela zurrunbilotik atera eta gauzak beste modu batean begiratzea eta horrelakoak entzun nizkion.
Hor arte, ondo. Ados. Nik ere erosten dut modan dagoen diskurtso hori, jakin behar dela, alegia, abiadura handiko tren bihurtu den bizitzatik noizean behin jaitsi eta geltokiko azken bankuan esertzen.
Baina, estudioan zeudenei ere gustatu zitzaien, dirudienez, eta han hasi ziren esaten ez zutela ulertzen Madrileko kaleetan, badirudi Madrileko trenak azkarrago doazela oraindik, nola ibiltzen zen jendea beti presaka batetik bestera, nola inork ez duen besteen estres aurpegietara begiratzeko segundo erdirik ere hartzen eta horrelakoak.
«Askotan esaten ditugu gauzak, konturatu gabe gure talaiatik desenfokatuta ikusten direla pertsonak eta egiak pelikula baten itxura hartzen ikasi zuela, aspaldi»
Eta hori ez, diskurtso hori ezin dut erosi. Izan ere, batetik bestera presaka doan horrek agian ditu bi lan ezin duelako bakarrarekin alokairua ordaindu eta bere familiari jaten eman edo gaixo dagoen amarengana doalako korrika, badakielako bakarrik utzi behar izan duela nagusiak ez diolako lehenago ateratzeko baimenik eman. Adibidez.
Iruditzen zait askotan esaten ditugula gauzak, konturatu gabe gure talaiatik desenfokatuta ikusten direla pertsonak eta egiak pelikula baten itxura hartzen ikasi zuela, aspaldi. Eta kanpoan hotz handia egiten du. Kontuz.