Ezin da aguantatu
“Ezin da aguantatu” dira nire pisukideak egoera positibo nahiz negatibo baten aurrean uneoro ahoan dituen hitzak. Eta, nire ustetan, urte berriaren bueltan, egindakoaz eta egin beharrekoaz hausnartzean, urte hauek modu zehatzenean deskribatzen dituena.
Nahiko argia izango naiz: nire 2023ko eskakizuna jendeak pisuei, hipotekei, ezkontzei, haurdunaldiei eta etorkizuneko seme-alaben izenei buruz hitz egiteari uztea da. Eta lanari buruz ere, hau ere gomendio moduan, utzi zuen lana lanean, ez bada kritikatu edo barruak askatzeko. Ziurrenik, beste hainbeste gauza dituzu aldatzeko, baina ez ahaztu edozein konbertsazioren zirrikituak zure lanaren inguruan hitz egiteko erabiltzea ez dela besteok merezi duguna.
Pertsonalki nik ere aldatzeko gauza asko ditut, baina guztietan garrantzitsuena arropa esekitokitik lehenago kentzea da. Bi egunetara, normalean arropa lehortu egiten da. Baina hirugarren eta laugarrenean, hezetasunak berriro bustitzen du eta gero ez da guztiz lehortzen eta orduan (nahiz eta arropak sokan zortzi egun daraman) ez dakizu kendu edo zintzilik utzi, ahaztu egin zaizu eta zure pisukideak bere arropa eskegi behar duenean baino ez duzu arropa hortik kentzen, baina ez dago guztiz lehorra.
Urte honetan ere, beste aurrerapauso oso handi bat eman dut San Sebastian egunari begira. Lotsa handiz aitortzen dut 2019an bi danborradatan atera nintzela, eta hori bai ezin dela aguantatu. Ez dut zauriaren gainean piko egin nahi, baina danbor eta kupela artean jende asko dago eta nik ez dut danbor-friki bat izan nahi: urte honetan bakarrean aterako naiz.
2023an maizterrak ez digu alokairua igoko, eta urtea hasteko hilabete polita dugu donostiarrok (Antiguan bereziki). Ezin da aguantatu zeinen ondo pasako dugun.