Ezinak eta beldurrak
Geure buruari jartzen dizkiogun oztopoen inguruan aritu nintzen aurrekoan lagun batekin: beldurrei, (ustezko) ezinei, norberak barruan daraman aingurari buruz. Egia esan, ez dakit zerk eraman gintuen hartara. Baina biluztu egin ginen. Izan ere, ez da erraza barrura begira jarri eta geure bidea zerk oztopatzen duen identifikatu, aztertu eta hura azaleratzea; horiek hitzez jantzi eta gu eranztea.
Baina sortu genuen giroak, edo elkarrengan dugun konfiantzak, edo beharbada beharrak, barruan daramagun aingurari hegalak jarri zizkion oztopo, beldur edo ezinek hegan egin zezaten, gerora, berriz ere, gugan pausatzeko. Izan ere, ausardiek, bezainbeste osatzen dute gu-a ezinek eta beldurrek. Horiek ere egiten gaituzte, eta horien aurkako guda pertsonala da. Gugan biziko dira ahalik eta gainditu edo desagertarazten ditugun arte.
Eta hala, beldurretatik hasi, eta oztopo edo ezinetara eraman gintuen solasaldiak –filosofiko, sentimental, edo barrura begira jartzeko gogoz esnatu ginen, nonbait–. Orain horiek zerrendatzen hasiko banintz, bat baino gehiago ahaztuko litzaidake seguruena. Baina aitortzen dut ausart aritu ginela beldurren inguruan. Ezinak aipatzeko gai izan ginen. Oztopoak aise begitandu genituen. Eta ahuldadeek ausart ere egiten gaituztela sentitu genuen.
Pasarte hau testuratu bitartean, «berezko» ditugun beldur edo ezinak ez ezik, askotan geure buruei jartzen dizkiegunekin gogoratu naiz. «Berezko» ez ditugunak, baina, nolabait gure hautua, edo beharra justifikatzeko sortzen ditugunak. Identifikatu duzue halakorik? Topatu ezean, egin ondorengo ariketa: Hartu «baina» hitza, txertatu perpaus batean, eta segi esaldia osatzen. Hemen adibidea. Oporretan nago, baina lan egin behar dut… Gustura geratuko nintzateke parrandan, baina bihar goiz esnatu behar dut… Jango nuke ba tortila pintxo hori! Baina hobe ez, ez zait komeni…
Esaldiotan, baina hitzaren atzetik doanak hartzen du indarra, eta gure nahia ahuldu, deuseztatu, edo baliogabetua geratzen da. Eta ez gara konturatzen, geu garela baina horren sortzaile, geu garela geure bideari oztopoa jartzen diogunak, plazerei uko egin eta beldurrak sortzen ditugunak. Aurretik berezko beldur, ezin eta oztoporik izango ez bagenu bezala…
Beldurrez idazteari utziko niola agindu nion aspaldi neure buruari, baina ahalduntze faseetan, ahulduntzeak ere badu bere tokia, eta horren kalanbrea ekidin ezina da gehienetan… Beldur apur batez oraingoan, baina batez ere, beldurren inguruan. Balio dezala identifikatzeko norberak bere baina eta ezinak.