Ezingo dute apurtu...
Azken asteetan sexu abusuak jasan dituzten adin txikiko neskek jarritako zenbait salaketen berri izan dugu Donostian. Horrelako berriek sortzen dizkidaten sentimenduak askotarikoak dira: amorrua, injustizia, frustrazioa, tristura…
Jakin badakit kasu hauek ez direla isolatuak eta ez direla bakarrak, errealitate gordin hau egunero sufritzen dutelako emakume gazte eta neskato hainbatek.
Jendarte heteropatriarkal honen ondorio eta kausa larrienetako bat da indarkeria matxista, eta indarkeria honek aurpegi ugari ditu. Neska adingabeek pairatzen dituzten erasoak plazaratu nahi nituzke gaur; izan ere, indarkeria matxista oro izan arren oso larri, neska gazteek sufritu behar dutena oraindik larriagoa da zaurgarritasun egoera handiagoan daudelako, eta, erasoa, gehienetan, konfiantzazko eta gertuko gizonek egiten dutelako (estatistika guztiek azaltzen dutenez erasotzaileen ehuneko altuena aitek osatzen dute, eta jarraian entrenatzaileak ageri ohi dira). Gainera, gizonek eragindako bortxaz gain instituzioek eta jendarteak eragiten diena hartu behar dugu kontuan, indarkeria areagotzeko eta luzatzeko joera izaten baitute. Ez diete entzuten, ez diete sinesten, epaitu egiten dituzte, errudun sentiarazi… Eta ez soilik neskak, baita neska horiek babesten dituzten inguruko emakumeak ere: ama babesleak, amonak, izebak… Ostera ere ikus dezakegu indarkeria matxista zeinen errotua dagoen eta zenbat adierazpide dituen. Egia da oinarrizko arazo honek etsipena eragiten didala, baina aldi berean, borrokatzeko, salatzeko eta egoera aurre egiteko beharra ere sorrarazten dit.
Mugimendu feminista izan da niretzat amorrua bideratzeko modurik egokiena, indarkeria hau ulertzeko tresnak eta espazio seguruak eskaini baitizkit. Neska hauek feministon laguntza eta babesa badauzkate. Eta ozen jarraituko dugu zera esaten: «Guk sinesten dizugu!» eta «Ez zaude bakarrik». Indarkeria hau deusezteko borrokan elkarrekin ari gara eta elkartasun hori ezingo dute apurtu ez gizon erasotzaileek, ez erakunde patriarkalek… Ez dugu atzera egingo! Aurrean gaituzue!