Eztabaida
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Ume guztiei bezala, guri ere gustatzen zitzaigun eztabaidatzea. Eztabaidatzen genuen batek bestearen arropak hartu zituelako, ogiaren zatirik onena lapurtu zuelako, gela txukundu gabe zegoelako… Eztabaidatu egiten genuen, zergatik eztabaidatzen ari ginen ahaztu arte. Eta zergatirik gabeko eztabaida aspergarria zenez, kolpe bat ematen zion batek besteari, gurasoren bat etorri arte. Orduan hasten zen benetako eztabaida: “Bera hasi da”, “Baina berak lehenengo…”. Eta, hortik aurrera, akabo eztabaidak. Eztabaida. Joko politikoaren oinarria omen da eztabaida. Eztabaida “sanoa” eta “errespetuzkoa” gehituko du parlamentuko ume-jokoekin aspertuta dagoen batek. Eztabaida eta parte-hartzea geroz eta gehiago aipatzen diren hitzak dira. Esanahi lausoa daukate, ordea. Demokrazia elkarrizketan oinarritzen dela diotenek gutxitan galdetzen baitiote herriari zer den benetan nahi duena. Lau urtean behin gure ordezkari politikoak aukeratzeaz gain, ez digute gure herriaren etorkizunari buruz galdetzen. Eta erabakiak, hauteskundeetan agertutako nahien gainetik, parlamentu eta udaletako korridoreetako tratuekin hartzen dira. Eta hala genbiltzan, politikariengandik geroz eta urrunago, geroz eta interes gutxiagorekin, krisia lehertu zen arte. Orduan azaleratu ziren langabezia, bankuen xahutzeak eta bestelako negozio ilunak. Hilabete bukaerak maratoiak baino luzeago bilakatu ziren; karrera bat ikasi eta lanean hasiko ginela agindu zigutenok INEMeko lerroan elkartzen hasi ginen. Batzuk, ordea, pauso bat gehiago ematea erabaki eta INEMeko lerroaren ordez plazetan elkartzen hasi ziren maiatzaren 15ean. Hitz egiteko bakarrik hasieran. Ondoren, erabakiak hartzeko. Politikariek ez zioten gaizki begiratzen ustez kontrolatzen erraza izango zen mugimenduari. Baina, Kataluniako parlamentuaren ateetan lehertu egin zen giroa. Konspirazioen teoriak teoria, gaur buruan daukagu manifestarien eta polizien arteko borroka bortitza. Egunkari guztiek, politikari gehienek eman dute horren berri. Eta hortik aurrera, ez dago eztabaidarik. Denak ageri dira penatuta gertatu denarekin, denek salatu dituzte biolentoak, denek arbuiatu dute biolentziaren erabilera. Baina inork ez du gardentasun ezaz edo langabeziaz txintik esan.