Eztabaida inklusibo baten alde
COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu pertsona ahulen, adinekoen, desgaitasuna dutenen edo laguntza behar dutenen arretan dauden gabeziak. Aspalditik eztabaidagai diren eta salatzen ari diren errealitateak diren arren, guztion aurrean azaldu zaizkigu horiek, 167 pertsona hil, eta Gipuzkoako zahar-egoitzetan bizi izan ditugun zoritxarreko egoeren ondoren. Zaintzekin lotutako hainbat testuingurutan irizpide egokia jarraituz, zaintzen eredua berraztertzea pentsatzen ari dira, bai etxeko zaintzari, baita egoitzetan gertatzen denari dagokionez ere.
Zaindu beharreko pertsonen premiei erantzun ahal izateko, nire ustez, profesional adituen, esperientzia duten profesionalen eta adineko pertsonen elkarteen ezagutzatik eta, jakina, zaindu behar ditugun pertsonen parte hartzea erakarriko eta bilduko dituzten lankidetzako dinamiketatik sortu behar dira zainketen eredu berriari buruzko eztabaidak. Pertsona —eta ez erakundeak— helburu izango den eredu batean jarri behar da begirada.
Gipuzkoako Foru Aldundiak talde bat osatu du. Aldundiak dioenez, talde hori “Gipuzkoako gizarte ehuneko hogei bat profesionalek osatzen dute, hainbat erronkei aurre egiteko, lurraldean garatu beharreko politikak aztertzeko, eta berriz hausnartzeko. Erronka horien artean daude adineko pertsonen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza, nahi gabeko bakardadea eta gizarteratzea”. Eztabaiden ondoren, “egoitzetako arretarako eredu berri bat garatzeko agenda diseinatzen hasiko dira…”.
Aipatu nahi ditudan hainbat alderdik eman didate atentzioa. COVID-19aren krisian izandako egoera dramatikoek eragin dituzten gertakarien aurrean, erakutsitako autokritika ezagatik nabarmendu da Maite Peña andrea, Gizarte Politiketako diputatua. Eta bere hitzak, Markel Olano diputatu nagusiarenak bezala, Gipuzkoako egoitzen eredugarritasuna azpimarratzeko baino ez ziren izan. Orain, hauteskunde kanpainan murgilduta, lehen adierazitako proiektua aurkeztu du. Ondo da. Baina, taldeak gabezia batzuk ere badituela azpimarratu nahi dut. Horretan, EHUko profesionalak, adineko pertsonen, pentsiodunen, familien, eta Giza Eskubideen arloko elkarteak falta dira, baita geriatrak ere, adibide batzuk aipatzearren.