Eztandak dardara gaitzala
Hogei urte igaro dira dagoeneko Euskal Herriko Bilgune Feminista jaio zenetik. Feminista izatea erokeria besterik ez zen garai hartan sortu zen, ilusiotik eta ametsetik, baina baita aldarrikapenetik eta borrokatik ere. Gaur egungoez bestelako helburu eta egiteko modu batzuekin agian, beste errealitate batetik abiatuak. Ez hobeak, ez okerragoak, sinpleki bestelakoak, baina gure genealogiaren parte direnak, eta Bilgunea gaurdaino ekarri dutenak. Eta eskerrak. Orduko kide feminista guzti haiek egindako lanari esker, atzetik etorritako beste askoren erreferente izan delako Bilgunea; eta nirea ere bai, zalantzarik gabe.
Eta hogei urte bete ditu. Hogei urte amestutakoari bidea egiten, sistemaren biolentziak azaleratzen, krisi anizkoitza bistaratzen, zapalkuntzen elkargurutzeak aztertzen, pribilegioak berrikusten, deserosoa izaten, etxea zalantzan jartzen, burbuila nuklearrak eztandarazten, euskal gatazka politikoari beste begirada batzuk gehitzen, bizitzak erdigunera ekartzen, bestelako zaintza ereduak aldarrikatzen, beldurra deseraikitzen, gorputzen ahalmen politikoa aitortzen, sarea eraikitzen, subjektu kolektiboa sortzen, plazera politizatzen eta plazerez lehertzen. Hogei urte paradisuak erretzen.
Baina, zorionez, niretzako erreferente politiko izan dena, etxe ere bilakatu zait egun. Ikasteko, jolasteko, gozatzeko eta maitatzeko espazio bat. Garrasi, barre, negar eta zalantza egiteko leku bat. Elkarrekin amesten dugu eta elkarrengandik ikasi. Aukeratutako familia bat da, eusten eta bultzatzen nauena. Egunerokoari aurre egiteko energia txute bat. Oasi zoragarri bat, sistema biolento honetan.
Hogei urteko ibilbidean, ikasi eta aldarrikatu dugu plazera politikoa ere badela, eta gozamena eraldaketarako tresna izan daitekeela. Horregatik, hau dena ospatzera goaz, Donostiatik hasi eta Oñatira. Ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko topatuko gara. Eztandak dardara gaitzala!