Faltsua
Urteen poderioz eta erabileraren ondorioz hitzen esanahia aldatu egiten da. Orain 30 urte askatasunak/libertateak zuen adiera eta gaur duenak ez dute zerikusirik. Mutur batetik bestera joan da askatasuna. Bernardo Atxagak egin zuen gogoeta hori 2019ko Literaktumen, Ernest Lluch Kultur Etxean. Bere iritziz, lehen, eskubide kolektiboen aldeko aldarria zen askatasunak, penduluaren beste aldera egin du salto eta gaur norbanakoaren interesen eta indibidualismoaren mesedetan dago.
Erdal hiztunen “askatasuna” hartu du oinarri Auzitegi Konstituzionalaren epaiak. Euskara lehenetsi egiten omen dugu gazteleraren kalterako. Faltsua eta gezurra. Faltsua, dena kontatu ezean tranpa egiten delako. Eta gezurra, ez delako egia, fake news-a da. Hala ere, euskaldun asko etorri zait esanez ez zaiela ondo iruditzen administrazioak gazteleraz informazioa nahi duenari ukatzea. Eta hori ez da egia. Epaiaren berri ematerakoan sortu den susmoa eta errezeloa izan da, nire uste apalean, apropos eta fede txarrez gainera.
Gazteleraz harremana izan nahi duen inori ez zaio ukatu eskubide hori. Legez babestutako eskubidea delako. Eta seguru, irakurle, zuri behin baino gehiagotan gertatu zaizula euskaraz egin nahi izatea zerbitzari publikoren batekin eta gazteleraz amaitzea. Bada zuk ere legez babestua duzu euskaraz egiteko eskubidea.
Epai honek administrazioan euskaraz bakarrik lan egitea galarazi nahi du. Gauza bat da erakunde batean lan hizkuntza euskara izatea, eta bestea, gazteleraz zerbitzua nahi duen herritarrei eskubidea ukatzea. Eta bi gauzak nahastea faltsukeria da. Gezurra.
Zortzi urte daramatzat Donostiako Udalean zinegotzi. Nire harreman gehienak euskara hutsez izaten ditut natural-natural. Egin beharreko txostenak eta idatziak euskaraz sortzen ditut. Eta sekula ez dut inor zokoratua eta bazterra utzita sumatu. Euskaraz moldatzen ez denarekin sano-sano egiten dut belarriprest eran edo gazteleraz. Izan ere, 1982an Euskararen Legea onartu zenetik Donostiako Udalaren jokabidea izan da beti euskararen alde egitea eta horrek emaitza onak izan ditu. Asko dago egiteko, hala ere. Eta horretan jarri behar ditugu indarrak. Asko egin da baina oraindik hutsune nabarmenak daude. Eta ez gazteleraren kaltetan.
Donostiako Udalak euskaraz eta euskararen alde lanean jarraituko du. Beti, guztion hizkuntza eskubideak bermatuz.
P.S.! Bejondeizuela Donostiako Udalean sortu diren ariguneetara askatasunez bildu zareten lagun guztioi. Lantokiko giroak asko lagun dezake herritarrak aske aukeratutako hizkuntzaren erabilera, ehuneko ehunean, bermatzeko.


