Fartsa elektoralaren erdian, badagoelako alternatiba
Hauteskunde kanpainan beren itxurarik onena eman nahian dabiltza euskal alderdiak. Etengabean errepikatzen dituzte eslogan eta promesak telebistetan, irratietan, egunkarietan, sare sozialetan… Guztien ahotan daude gure egunerokoan frustrazioa eragiten diguten auziak eta horiek konpontzeko dituzten proiektuak: alokairua, hezkuntza, osasun sistema, prekarietate laborala, prezioen igoera…
Gai horien guztien inguruan gora eta behera hitz egiten entzuten ditugun bitartean —hauteskunde garaia bonbardaketa mediatikoa ere badelako—, inork gutxi du proposamen instituzional horiek arazo horiekin guztiekin amaituko dutenaren esperantzarik.
Zaila baita, irabazten duenak irabazita edo gobernatzen duenak gobernatuta, osasungintzako kolapsoa amaitu, bizi baldintzak okertzeari utzi edo gerra lazgarri hauei amaiera emango zaiela pentsatzea. Izan ere, alderdi politikoak, proposamen politikoetan ezberdintzen saiatu arren, proiektu politiko beraren parte dira guztiak, eta edozein alderdi konbinazio posibleen gobernu hipotetikoen baitan, ez dugu aipatutako arazoak konponduko dituenik irudikatuko. Auzi horiek denek oso sakoneko erroa dute, eta hortaz, neurriko aldaketa sakonekin eman diezaiokegu aterabidea. Alderdi instituzionalen jokoak, baina, ez du horretarako borondate ez gaitasunik.
Enpresari handiekin elkar jokoetan ibili baino, haien aberastasun izugarria desjabetu beharra dago, osasungintzaren auzia konpontzeko beharrezko baliabideak sobran finantzatzeko ahalmena baitute
Benetan pentsa genezake, kudeaketa ereduaren aldaketa batek, edozein izanda ere, anbulatorioetako itxaron zerrenda amaigabeak edo osasungintzarako baliabide falta izugarriak ekidin ditzakeela? Gure eta gure senideen osasuna arriskuan dagoen honetan, benetako aldaketen beharra dugu, eta kudeaketa arazoez harago, mezu argiak behar ditugu: osasungintza pribatuaren debekua eta honen osasun baliabide guztien (puntako makinaria, langileak, jakintza…) zentralizazioa, osasun sistema zabaldu, indartu eta babesteko.
Enpresari handiak, aldiz, ez daude krisi garai honetan beren irabazi handiak behar horietara bideratzeko prest. Beraz, hauekin elkar jokoetan ibili baino, haien aberastasun izugarri hori desjabetu beharra dago, osasungintzaren auzia konpontzeko beharrezko baliabideak sobran finantzatzeko ahalmena baitute.
Maiatzaren Lehena dugu laster. Bozkaren bidez kolore bateko edo besteko alderdia gobernuan ezarri beharrean, erabateko aldaketaren aldeko aldarria indartzeko eguna da. Horretarako izan da historikoki, eta hala izan dadila aurten ere. Datozen asteetan, bi aukera daude mahai gainean: hauteskunde kanpainako diskurtso elektoralen zurrunbiloan murgiltzea edo sozialismoaren aldarriaren alde eta Maiatzaren Lehenaren harira mobilizatzea. Bigarrena aukeratzen duenak, aukera aparta izango du Kontseilu Sozialistak Bilbon deitutako manifestazio nazionalean.