Fartsa honetan jai daukagu
Azaroak 25 gainean dugunez, eta indarkeria matxistak emakumeon bizitzetan duen pisua eta sortzen duen inpotentzia ikusita, errealitate horren aurrean antolatzeko beharra azpimarratu nahiko nuke hurrengo lerrootan. Hortaz, zenbait aldarri eta behar airera bota beharrean, gure egunerokotasunari erreparatu nahiko nioke.
Ideologia matxista etengabe erreproduzituz doa, eta horretaz arduratzen dira, besteak beste, sistema judiziala, komunikabideak eta hezkuntza sistema. Zenbat aldiz ikusi dugu emakumeon aurkako erasoen aurrean erasotzaileek inpunitate osoa lortu izana? Edota komunikabideek emakume langileon borrokekiko ezikusiarena egitea? Nola jartzen ditu hezkuntza sistemak lanaren banaketa sexualerako oinarriak? Era horretan, emakumeok zapalduta mantentzeko zimenduak ezartzen dira.
Aldi berean, instituzioek indarkeria matxistari aurre egiteko lege proposamenak, kontzientziazio kanpaina pedagogikoak, zerbitzuak eta abar jartzen dituzte martxan. Alabaina, politika feminista horiek ez dute indarkeria matxista kasuen kudeaketatik eta aldaketa formaletatik harago joateko gaitasunik. Eta horretarako oraindik eta zailtasun gehiago dituzte krisi garaian.
Egun hauetan, Donostiako Udalak azken urteetan kudeatu dituen kasu kopurua aipatu eta esponentzialki gorantz doazela aitortu du. Horren aurrean, ordea, ez du inondik inora indarkeria matxista gainditzeko proposamen errealik aurkeztu. Instituzioen ezintasun horren adibide dira, esaterako, Donostian Eusko Jaurlaritzaren alokairu sozialeko etxe batetik indarkeria matxista jasandako emakume bat eta haren semea etxegabetuak izateko arriskuan egotea edo zerbitzu sozialetako itxarote zerrendak hain luzeak izatea, besteak beste.
Argi esanda, ezin dugu pentsatu indarkeria matxista gainditzeko aukera egongo denik hura existitzeko baldintzak ezartzen dituzten instituzioen eskutik. Hori gutxi balitz, haien borondate onaren itzalpean, engranaje horren parte diren alderdi eta politikariek errealitate horretan duten ardura ekiditen dute. Egunerokotasuneko arazoen kudeaketa haien gain uzten jarraitzen badugu, jai daukagu.
Hortaz, fartsa honen aurrean, emakume langileon antolakuntza propioaren beharra ezinbesteko kontu bilakatzen da. Indarkeria matxistak sortzen dituen berehalako beharrei erantzuteko baliabideen alde borrokatu behar dugu, baina ezin dugu horretara mugatu. Indarkeria matxista deuseztatzea izan behar da helburua eta, horretarako, bizi baldintzen aldeko borrokak askapen prozesu orokor baten baitan kokatu behar ditugu; sozialismoaren eraikuntza prozesuan, hain zuzen ere.
Bide horretan, ostiral honetan, azaroak 25, 19:30ean Trinitate Plazatik aterako den mobilizazioan berdintasun faltsu horretatik kanpo antolatzeko beharra azpimarratu eta emakume langileon interesak erdigunean jarriko ditugu. Batu borrokara!