Fermin Leizaola, baserri mundua bihotzean zuen kaletarra
Sanjoanak gainean ditugula joan zaigu aita, 81 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz. Gerratik ihesi, Angelura jo zuten bere gurasoek eta han sortu zuten familia, harik eta Bigarren Mundu Gerla betean berriz muga zeharkatu eta Donostiara itzuli arte. Bertan jaio zen Fermin Leizaola, 1943ko azaroaren 13an, aitonak 1913an eraikitako etxean, Uliaren magalean eraiki berria zen udal hiltegiaren aurrean. Gros hondartzaren pareko zonalde hori, hiriaren erdigunetik kilometro eskasera, zonalde periferikoa zen artean, guztiz marjinala. Artean, Altzako lurrak ziren horietan baziren zenbait baserri Uliaren magaletan, berehala solairutako etxebizitzek ordezkatu zituztenak. Sortzez zubietarra zen bere aitonak itsasoari bizkar emanez eraiki zuen etxea, egun, auzoko zaharrena ez bada, zaharrenetakoa dena. Urte batzuk beranduago, ondoan eraiki zuten etxearen promotoreetako baten izena hartu zuen Groseko zati horrek, moda-modako bihurtu denak.
Orduan oraindik ere baziren, Ferminena bezala, azpiko sotoan sagardotegia zuten etxeak Donostian. Azienda hil berriaren ordainarekin Pedro Leizaolaren sagardotegira hurbiltzen ziren baserritarrak izan ziren Ferminek landa eremuarekin izandako lehen kontaktua. Jesuitetan egin zituen ikasketak. Bizitza osoan zehar mantendu dituen lagunak egin zituen bertan. Bere garaikide asko ez bezala, ikasketekin jarraitzeko ohikoa zen seminariorako bidetik urrundu zen. Ikasketa teknikoak egin zituen eta gazte hasi zen lanean, Industrias Leizaola S.L. familia enpresan, aitarekin batera, errotatibak eta inprentarako makineria eta, bereziki, Luis aitak diseinatutako linotipiako matrizeak egiten. Orduko Donostiak egungoarekin zerikusi gutxi du. Desagertuak dira industriaren oihartzun kasik oro hiriko auzo gehientsuenetatik.
«Urteko gaurik motzenean, San Joan sutan urteko txarrak erre eta etorkizun hobe baterako nahi eta desioak formulatzeko beharra inoiz baino biziago sentituko dut aurten. Lurrak goxo har zaitzala, aita»
Kaletarra zen aita, baina miresmenez hurbildu zen landa eremura. Sei hamarkada luze eman ditu artzainen bizimodua eta egiteko moldeak, abeltzaintza, basogintza, eraikuntza tradizionala eta artisautza, besteak beste, aztertzen eta ezagutzera ematen. Eskola zaharreko etnografo nekaezina, landa lana izan da bere bizitzako pasioa, ikasketa bide eta lan molde oparoa. Lurraldea ezagutu behar da, jendearekin hitz egin, datuak kontrastatu, konparaketak egin eta umiltasunez jokatu. Beti bada zer ikasia, zioen, hil bezperan ere. Ikasitakoa transmititzea izan da bere kezka nagusietako bat, egun mundu akademikoak preziatzen duen ezagutzaren transferentzian aitzindaria izan da aspaldidanik, hitzaldiak emateko prest Euskal Herriko txoko guztietan.
Errituen garrantziaz jabearazten gintuen txikitatik. Urteko gaurik motzenean, San Joan sutan urteko txarrak erre eta etorkizun hobe baterako nahi eta desioak formulatzeko beharra inoiz baino biziago sentituko dut aurten. Lurrak goxo har zaitzala, aita.