Festara
Iturri ofizialek ur basoa beteta ikusi arren, aurtengoak ez dira suziriek edertutako festa alaiak izan, argilunez beteriko aste nahasia baizik. Iluntasunean, 24 ordutan salatutako eraso sexistak; argitan, erasoak salatzeko sortutako mobilizazio jendetsua. Erasoak ekiditea ez da lortu, baina ez da eraso bakar bat ere erantzunik gabe gelditu.
Udalak bost eraso kontabilizatu zituen, eta Piratek 11 eraso salatu zituzten haien gunean. Egoeraren larritasunaz jabetuta, bertan behera utzi zuten hilaren 14eko programazioa, manifestaziora deituz. Protesta jendetsu horrek ez zuen amaierarik izan gauean, eta gainontzeko jai ekimenak ere hartu zituen. Donostia festarako jantzirik egon arren, erasoek eragindako haserreak jai girorako aldartea ezabatu zuen.
Nola ospatu, nola alaitu, 24 ordutan 11 lagun, 11 emakume indarkeriaren atzaparretan erori direnean? Beste behin, zabaldutako informazioak, martxan jarritako protokoloek eta gainerako ekintzek huts egin dutenean? Gauzak horrela, amorruz beteriko protestak jaiaren elementu batekin egin zuen talka 14ko gauean: Festara.
Manifestariak Gaztelubide elkartera hurbildu ziren, alkatea bertan zegoelarik, udalak gertatutako erasoen larritasunaren neurriko erantzunik eman ez zuela sinetsita protesta egiteko; eta noski, tentsioak eztanda egin zuen.
Hain zuzen, aurtengo Festaran berezitasun bat zegoen; lehen aldiz, emakumeak atera ziren gizonekin batera abestera. Emakumeak Festaran partaide izatea historikoa izan arren, keinua ezkutuan gelditu zen unean bizitako oihu eta zaratekin. Lehen pauso hori osorik ere ezin izan zuten eman emakume abeslariek, Gaztelubide, gauden mendean oraindik ere, soilik gizonak onartzen dituen elkartea izaten jarraitzen baitu. Noizbehinka emakumeek bertan afaltzeko baimena izan badute ere, ez dute elkarteko kide izateko eskubiderik, ezta bertan kozinatzekorik ere; hori bai, garbitzera sartzeko trabarik ez dute topatuko.
Eta hor datza, nire ustez, indarkeria betikotzen duen sustrai madarikatua; egun, badirela elkarteak, taldeak, guneak, non posible den sexuaren arabera gizartearen erdia zokoratu. Berdin du elkarte edo talde horiek pribatuak diren edo ez; gizartearen erdiak oraindik jasaten duen jazarpen larriaren isla dira. Eta oraindik ere larriagoa, elkarte pribatua izanik, publikoki babes ofiziala jasotzen duenean hiriaren ospakizunetan.
Aurtengo Festaran lehen lerroan kantatzen jarri zituzten emakumeek matxismo errotua sustraitik ateratzeko borondatea zutela sinetsi nahi dut, eta hala izanda, ez luke oharkabean igaro beharko plazan eta festan guztioi dagokigun espazioa aldarrikatzeko keinua. Feminismoak emakumeon saiakera guztiak besarkatu behar ditu, borroka hau guztiona delako, eta gutako bakoitzak bizi dituen esperientzien araberako garapena egingo duelako, berdintasunera iristeko inguruan dituen tresnez baliatuz. Feminismoa beti izan da –eta hala izaten jarraitu beharko du– emakumeen arteko elkartasuna. Baina kontuz; Festaran ikusitako keinu horrek ez dezala elkarte matxisten aurpegia zuritzeko balio, hori litzatekeelako emakumeok zapaldu genezakeen zeporik arriskutsuena.