'Flâneurraren' hiria
Etxetik urrun nagoen honetan, errutinaren parte bilakatu zait gure hiriaren argazkiak erakustea. Mugikorra atera, hiru hondartzak biltzen dituen plano zenitala bilatu eta «hemen bizi naiz», esaten dut. Halako enkontru batean zera esan zidaten: paseatzeko moduko hiria da zurea.
Literaturan bada paseatzaileari lotzen zaion figura bat: flâneurra. XIX. mendeko Europan jaio zen, hiri modernoen garaikide, baina nago egungo Donostiak ere gustura hartuko lukeela. Hiriko paseatzaile anonimoa da flâneurra. Patxadaz dabil jende oldean barrena, oinez, noraezean bezala. Begirada pausatuaz behatzen ditu besteak, inork bera begiratu gabe. Pausazko begirada anonimo horri egin izan zaio maiz gorazarre, hiriaren erretratu interesgarri eta sentiberak bilatu direnetan.
Figura zinez erromantikoa da, idilikoa. Nola ez, postalaren hiria den honek alfonbra gorria jarriko lioke flâneurrari. Baranda zuri bat, goizero ureztatzen den Bulebarra, Alderdi Ederreko tamarindoak, Damen Bateriako harlauzak, harrizko aingeru eta lehoi burudun zubiak, Senaren pareko ibaiertza.
Askok seinalatu bezala, ordea, flâneurraren patxada eta plazera ez daude edonoren eskura. J. Wolf eta J. Walkowickzek azaldu zuten noraezean ibiltzea pribilegio maskulino eta burgesa eta batuko nuke zuria— zela. Parkhustek zioen emakumeek ezin zutela ikusiak izan gabe paseatu, beraiek zirelako begirada maskulinoarentzat espektakulu. Helena Swanickek gogoratu zuen etxean behin eta berriro egiten zioten oharra: hiriko kaleetan barna bakarrik paseatuz gero, prostituta batekin konfundituko zaituzte.
Irudika dezaket, aise, flâneur donostiarra. Paseoaren ostean eseriko da Tabakalerako terrazan, kafe garestia lagun, plazan barrena dabiltzanei begiratzera. Nekez ibiliko da patxadaz, ordea, plazan bertan Poliziak hiru pausotik bitan geratu duen gaztea. Edo lantokitik haurren eskolara presaka doana. Edo gurpildun aulki bati bultzaka dabilena. Edo lagunari besotik heldu eta handik ez, hobe beste aldetik esatera ohitu dena.
Flâneurrari kontrajarri, flâneusaren figura azaldu zen. Oro har, XIX. mendeko emakume burgesak gorpuztu zuen. Galeria eta saltoki modernoetan bilatu zezaketen klase jakin bateko emakumeek behingoagatik inoren zaintzarik gabe paseatzeko parada. Nago flâneusari ere, horrela marraztutakoari behintzat, gustura egingo liokeela ongietorria Donostiak.
Alabaina, Irati Majuelok azaldu du flâneusarekin ere pauso bat haratago joateko premia. Galdetu du ea irudika genezakeen, adibidez, flâneusequeer-ik, edota flâneus bollerarik. Egin dut ariketa eta jarri diet nire lagunen aurpegia. Bakarrik baino, elkarren besotik helduta doaz. Oharkabean baino, zalapartatsu. Kafe moñoñoa beharrean, marianitoa eskatzen dute. Eta besteei zelatan baino, emozionatu eta terraza osoak aditzeko moduan hitz egiten dute.
Eta flâneus gozagarriak imajinatu ahala, gure amarekin ere akordatu naiz. Paseatzaile sutsua da, baina nahiago izaten ditu disdiratsuak ez diren itinerarioak. Joaten da Loiolako Erriberatik Hernanira, Grosetik Pasaiara edo Errenteriara. Lepo dituen eginbeharretan murgiltzen zaio gogoa nahiko lukeena baino gehiagotan. Kafea hartzen du gaupaseroa eta langilea gurutzatzen diren tabernan. Umoreko denean, karajilloa eskatzen du, Soberano koñaka eta azukrearekin. Halaxe egin ohi du betidanik lagun minarekin elkartzen denean ere.
Flâneur estiratuaren aldean, nahiago beste hauek zapaldutako hiria. Postaletan kabitzen ez diren begiradak izango dira, seguru aski, interesgarri eta hunkigarrienak.