Xabier Lopetegi: 'Arkitektoa'
Xabier Lopetegi; Kazetaria.
Roberto Olabek Reala utzi du, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Hala esan du klubak, eta berak ez du ukatu. Benetan gertatutakoa sekulan ez dugu jakingo, beharbada. Kosta egiten da sinestea bertsio ofizialaz haragoko arrazoirik ez dagoela. Argibiderik ezean, zurrumurrurik ez da falta: Olabe eta Lorenen arteko harremana txarra ei zela, ez zitzaiola hark nahi adina botere eman…
Hori dauka gardentasun faltak, normaltasun itxura eman nahi horretan, kontrako efektua sortzen dela. Kulebroiak sortzen direla aparteko misteriorik ez duten erabaki eta gertaeren inguruan. Nago ni Olaberen agurra dela kasu horietako bat. Nire ustez, gasteiztarrak ez du bere lekua topatu. Logikoa da, neurri handi batean, martxa hartua duen trasatlantikoa delako Reala. Egituratuta, egonkortuta, eta giza baliabideekin ondo hornitua duelako Zubieta, eta harrobiaren kudeaketa.
Arkitektoa ezizenez omen zen ezaguna Olabe Quatarren. Aspire kirol akademia ospetsuko burua zen bertan. Zer egiten du, ordea, arkitekto batek, bukatuta edo soilik azken ukituen faltan dagoen etxearekin? Nola utzi bere arrastoa eginda dagoen horretan? Hiru aukera ditu: enkarguari uko egin, detaileak aldatzearekin konformatu, edo eraikina eraitsi eta zerotik hasi. Aurrenekoa hautatu zuen gasteiztarrak. Errua, errurik egotekotan, ez da berea, baizik eta gerta zitekeena aurreikusi ez zuen presidentearena.
Guru traza badu Olabek. Nahikoa da bere tuiter kontuari begiratu bat ematea: esaldi motibazionalak, coaching tankerako mezuak, idazle eta poeten zitak… Urte mordoan hedabideetan ia elkarrizketarik eman ez izanak, puztu egiten du bere kutsu enigmatiko hori. Entrenatzaileak ‘deskubritzeko’ begi zorrotza ezin zaio ukatu: Denoueix fitxatu zuen Realerako, Astiazaranekin Kirol zuzendaria izan zenean, eta Emeryren esku utzi zuen Almeriaren aulkian. Geroztik lortu duena denok dakigu.
Realaren kirol politikari eman behar omen zion astindua, ordea, ezerezean gelditu da. Egia esan, ez dugu batere zorte onik guruekin. Gogoan dut Badiolak Pako Aiestaran ekarri zuenekoa. Nolako ikusmina piztu zuen Liverpoolen arrakasta lortutako beasaindarraren etorrerak. 18 egun baino ez zuen iraun gurean orduko hauteskundeetako erreklamo nagusietako bat izan zenak.
Zer esan David Moyesen inguruan. Entrenatzaile hutsa baino askoz gehiago izan behar omen zuen eskoziarrak. Iraultza ekarri behar zuen entrenatzeko eta elikatzeko metodoetan. Obrak eskatu zituen entrenamendu instalazioetan, jokalariek bertan ordu gehiago eman zitzaten eta dena kontrolpean eduki zezan. Militar itxura zuen kirol prestatzaile fisiko berezia kontratatu zuen boladaka. Aperribairen apustua, ordea, ustela suertatu zen, eta Maria Cristina hotela kenduta, gaur egun inor gutxik sumatzen du Moyes faltan.
Izenak joan izenak etorri, Zubieta, profesionaltasuna eta sen ona uztartzen jarraitzea da gakoa, etxean garaian garaiko erreformak egiteko. Besterik ez.