Gabarra ala tabarra, futbola ala feminismoa
Lehenengo hitz joko hori erabiltzen zuen irudi bat ikusi nuen Instagramen, eta nire profilean partekatu nuen. Berandu baino lehen heldu ziren lehenengo mezuak: “Hori esaten baduzu, ezin zara ostegunean gabarra ikustera joan”. Hasperen egin nuen, baina, zoritxarrez, antzeko esaldi bat etorri zitzaidan burura joateko erabakia hartu nuenean: “Feminista bazara, ezin zara joan”.
Badakit hitz hauek nire burua justifikatzeko idazten ditudala, hartutako erabakia arrazoitzeko, bai besteen aurrean eta baita nire buruaren aurrean ere. Bilbotarra naizelako eta gaur arratsaldean hirira bueltatzeak poztasuna sortu eta tripak nahasten dizkidalako, aldi berean.
Neketsua da horrela ibili behar izatea, hala ere, beste batzuek justifikatu behar ez dituzten erabakiak bidezkotu behar izatea. Ez soilik futbolaren gaiarekin, reggaetona entzuten ari zarenean edo depilatzeko hautua hartu duzunean ere, behin eta berriro, feminista “ona” ez zarela gogorarazten dizuten behatz guzti horiek zuregana zuzendurik. Kasualitatez, behatz horiek gehienbat zakildun gorputzetara loturik daudela ohartu naiz. Eta, baita ere, epaile gogorrena neure burua bera dela.
Futbola nire hiriaren identitatearen zatia da, gustuko izan ala ez, eta uste dut, apurka-apurka, guztiz maskulinoak diren espazioak guk ere geureganatu behar ditugula.
Feministok ere gure kontraesanak ditugu, finean, gu ere gizarte honen parte gara. Ni ere kontziente naiz Athleticek eta futbolak sustatzen dituzten maskulinitateez, nesken ekipoak irabazten duenean merezitako aitortzarik jasotzen ez duenaz eta Palestinaren egoera salatzeko baino jende gehiago kalera irten denaz. Baina nola azaldu hori ere ikusten ez duten haiei.
Futbola nire hiriaren identitatearen zatia da, gustuko izan ala ez, eta uste dut, apurka-apurka, guztiz maskulinoak diren espazioak guk ere geureganatu behar ditugula, gure diskurtsoa bertan txertatu eta gu ere esparru horien zati izan aldaketa bat sortzeko.
Horregatik noa gaur. Horregatik, eta nire familia eta lagunekin egunaz gozatu nahi dudalako. Abestu nahi dudalako eta negar egin. Besarkatu eta muxuak eman. Eta jaso. Feminista naizelako, baina bizi nahi dudalako.
Eta azkenik, Oli Artolak Berria-n idatzi moduan, lo lololo-ak la la lara bihurtzeko.