Gaizkileak
Duela hiru urte eskas, AHTaren obrek, jada konponbiderik gabeko kalteak eginak zeuzkatela, Iñigo de la Serna espainiar ministroak, AHTak zama astunak ezinen zituela garraiatu esan zuen. Urkullu lehendakariak, ironiaz, inoxentekeria bat al zen galdetu zuen. Aurretik hamaika aldiz esan zioten gauza bera, talde ekologistek eta EHUko hainbat ikerlarik. Enkarguz dauzkaten teknikariek ez beste guztiek ordura arte esan ziotenaz ez zen ohartu, antza.
Orain, Donostiako udalean eta jaurlaritzan agintean diren EAJko eta PSEko ordezkariak, itxuraz, aztoratuta dabiltza Donostiako metroko obretan hondarra eta ura atera zaiela eta. Bertakoa ez izanda ere, badakit Donostiako hainbat eta hainbat eraikinen oinarriak egitea teknikoki zailak suertatu izan direla, fadurak zeuden lekuetan, hondar gainean eraikiak izan direlako. Eraiki behar den lurpea nolakoa den ikusteko prospekzio bat nola egiten den edonork badaki gaur egun (merkea da). Ustekabe txikiak izatea erraza da, baina tamaina horretakoak ez dira sinesgarriak. Ez ote da izanen, benetako kostua aurkeztuz gero proiektua onartua izatea asko zailtzen dela? Behin obra aurreratuz gero, atzera buelta-ezina bihurtua, ondoren jartzen duten kostu berria onartu beste aterabiderik ez dela gelditzen?
Duela gutxi, Mexikoko narkotrafikatzaileei buruzko zerbait irakurtzen ari nintzela, haietako batek, beraiek gaizkileak (gazteleraz, bandidos) zirela, arazorik gabe onartzen zuen.
Zintzotasunean, narkoak nagusi.