Galderak aldez aldatuz
Greba feminista. Eguerdiko ordu bata eta erdiak. Hiru neska gazte manifan batek daki zenbat pertsonekin batera. Gaztelania hutsean galdezka: «Zer esan nahi du ‘gora borroka feminista’-k?». Eguerdiko ordu bata eta hogeita hamaika. Nire neuronen arteko konexioen planto laburraren ostean, neure buruari errietan: nork esan dizu gazte horiek hemengoak direnik?
Greba feminista. Ordua galduta, baina lagunak aurkituta. Igarotakoa errepasatuz, ahotsik gabeko txor-txor bihurrian. Tesia: demasa izaten ari da, baita bitxikerien zerrenda ere, jakina! Horra batzuk: gurpildun martxan gehienak oinezkoak izan dira, kalejira ez ofizialean naranjitoek trafikoa moztu dute, egon da eguerdiko deialdian Mc Donald’s-eko patata frijituak jaten ari zenik…
Postgreba feminista. Giharretan kontrakturak non-nahi. Neuronen ajea. Betaurreko moreekin jolasteko beharra: zorroztu, biribildu, moldatu, atzekoz aurrera jantzi… Ideien nahaspilak beldurtu arren, ordenagailua piztu eta atzoko lelo gustukoena idatzi dut etorriari lagunduko diolakoan: Feminismo liberala, ez ahaztu etsaia dala.
Bai, egia da: greba feminista kuantitatiboa bezain kualitatiboa da. Bai, egia da: oinarri politiko sendoa zerion txostenari. Bai, egia da: manifara joan ginenotatik nor da antikapitalista, antiarrazista eta feminista? Ez al da egia (bezain gezurra) zuria eta beltzaren arteko tranpan erortzen ari naizela?
Bitxikerien zerrenda luzeari erreparatu diot enegarrenez. Euskaraz tutik ere ulertzen ez zuen hirukoteak euskararen beharra sentitu al zuen? Izerdiak izerdi, gurpildun martxako oinezkoak ez al ziren erritmora egokitu? Naranjitoen inprobisazioak ez al diosku kaleko aldarriak baimen-paper batek adinako balioa duenik? Patata-frijituak ez, baina soinean neramatzan bakeroak ez al ziren Inditexen erositakoak?
Erantzuna aldez aldatzeko, beraz, galdera ere aldez aldatu behar. Aspaldi hasi zen horretan mugimendu feminista: eskerrik asko! Gaur da eguna, neure buruari galdetu arte ez naizena konturatu: aurtengoan ez dut eman (ezta jaso ere) martxoaren zortzia dela eta zorion zuririk. Galdetzea erantzutea bezain garrantzitsua ote?