«Ganaduaren pare»: polizia esku hartze baten kronika
Miramar Jauregia, uztailaren 2a, 16:15. Turisten joan-etorria da uda minaren seinale bakarra. Edo ezta hori ere, honezkero urte osoko kontua baita. Jauregiaren sarreratik hurbil, hogei bat pertsonako taldea. Izan liteke bisita gidatu bat, baina ez. Euskara aditzeak eman du lehenen pista. Bigarrenak konfirmatu du: Poliziarekin eztabaidan ari dira —azken hauek gazteleraz, ohiko moduan—.
Aste pare bat atzera, Ertzaintzari behar bezala komunikatu zioten elkarretaratzea egiteko bildu dira, Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren harira, EHU Palestina eta BDZ Gipuzkoak deituta. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldia aprobetxatu nahi dute, hainbat gobernu organoetako eta unibertsitateko arduradunak bertaratuko direnez, EHUk Israelekin dituen harremanak eten ditzan aldarrikatzeko.
1. ekitaldia. Espero denez, Ertzaintzak agenteak bidali ditu, segurtasuna bermatzeko. Horietako bat taldearengana hurbildu da esanez bertan —komunikazioan adierazitako lekuan— ezin direla egon eta mugitzeko, segurtasunagatik. Leku aldaketak zera dakar: 1) Ekitaldiko gonbidatuak elkarretaratzearen paretik pasa behar ez izatea; 2) auto artean, ikusgarritasun urriko leku batean zokoratzea; 3) Ertzaintzaren logodun hesitzeko zintza baten atzean sartzea. Autoak alde bietan, pareta atzean eta agenteak parean. Protestari batek esan moduan: ganaduaren pare. Eskatu dizkiete azalpenak agenteei, baita protesta eskubidea egikaritu ahal izateko baldintzak adostea. “No hay nada que negociar” dio poliziak.
2. ekitaldia. Lekualdaketa atsekabez onartuta, behintzat, zinta kentzeko diote protestariek. Ezetz agenteek. Entzungor egiten duenari desobedientzia delitua aplikatuko zaio. “No hay nada que negociar”. Protestari bat tematu eta “identifícate”. Arren, zentzuz jokatzeko erregutu eta “es una orden directa”. Eman du protestariak bere NANa eta zigor proposamenaren kopiarekin itzuli diote. Hara, Mozal Legearen 9. urteurrena ospatzeko modu paregabea.
3. ekitaldia. Elkarretaratzearen inguruan hogei bat ertzain. Ez dezagun ahantzi hogei bat kide direla ere protestan batu direnak. Zintaren atzean elkarretaratzea apenas ikusten bazen, orain are gutxiago. Turistek ere ezingo dute irakurri pankartako leloa. Protestari bat atera da argazkiak ateratzeko asmoz. Segundu eta erdi behar izan du Poliziak harengana jo eta erdi bultzaka, zintaren atzera itzularazteko. Ganaduaren pare. Hortik aurrera hainbat pertsona identifikatu dituzte, elkarretaratzearekin bat egite hutsagatik. Elkarretaratzea amaitu aurretik joandako baten bat ere identifikatu dute, irtete hutsagatik. Amaieran, komunikatua irakurtzeko pertsona bakarrari utzi diote grabatzera ateratzen, ezta sikiera komunikatua irakurri dutenei.
4. ekitaldia. Amaitu da elkarretaratzea. Orain bai; ken daiteke zinta eta egon daitezke elkarretaratzean zeuden pertsona berak bide erdian.
Poliziarekin kontua beti ez da jipoia, ez foam bala. Kontua da salbuespena, diskrezionalitatea, autoritatearen erabilera. Kontua da ez dagoela non topatu hurbileko polizia nozioaren hurbileko hori. Polizia komunitarioaren komunitario delako hori. Agente indibidualen apeta baino, egitura oso bat delako gakoa. Haiek une oro jaun eta jabe egingo dituzten legeak ditugulako, zeharo blindatuta daudelako. Eta hala, Pradales jauna, Zupiria jaunak nekez beteko du “Euskal Polizia eraldatzea euskaldunagoa eta hurbilekoagoa izan dadin” delako txiste edo promesa hori.
Ironiak eta absurdoak utzi du elkarretaratze xumeenean ere, agerian eta biluzi, zertan den polizia.