Garai berriak kaioletan daudenentzat
Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea 1908an sortu zen, eta gaur egun, berak kudeatzen du Donostiako Aquariuma. Jaio zenean, elkartearen helburua «ozeanografia garatzea eta sendotzea, eta itsaspeko topografia, meteorologia, korronteak, itsas biologia, eta abar aztertzea» zen. Hogei urte geroago, 1928ko urriaren 1ean, ireki zituen modu ofizialean ateak Aquariumak.
Hor tartean, nonbait ezagutza horiek garatzeko, arrainak publikoari erakutsi, arrainontzi txiki batzuetan gatibu mantendu, eta haien askatasuna lapurtzea egokia zela ondorioztatu zuten. Beste garai batzuk ziren, eta garai horietan ez genekien marrazoek, pailazo arrainek edo olagarroek sentitzeko gaitasuna, eta, hortaz, interes propioak zituztenik.
Ulergarria da ere, puntu bateraino, ikerketa zientifikoa martxan jarraitzeko, garai haietan publikoari sarrera kobratzea. Publikoaren behar horrek «ikuskizuna» aldakorra eta erakargarria egitea behartzen du, eta hortaz, animalia gehiago gatibu bihurtzea. Ulergarria zen, beharbada, 1928an; bai.
Egun, ikerketaren, datuen eta beste froga batzuen bitartez, badakigu animaliak espazio itxi batean eta haien espazio naturaletik at mantentzea haien osasunaren eta beharren kontra doala. Badakigu ere akuario eta zooak bisitatzen dituztenek ezer gutxi ikasten dutela, eta entretenimendua dela bilatzen dutena. Badakigu kaiolaren beste aldean erakusten direnak objektu bihurtzen direla ikuslearentzat. Datu ekonomikoek eta Aquariumak egiten dituen arrain eta bestelakoen erosketa eta trukeek ere islatzen dute Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoarentzat norbanako horiek esplotatzea posible den subjektuak besterik ez direla.
Aquariumak hezkuntza eta ezagutza helburu ez duela erakutsi dio gizarteari. Animalia guztiek, espeziea gora behera, aske eta haien bizitzaren jabe izan nahi dute. Hori ez dator bat orain martxan duten negozioarekin. Garai berriak dira, eta kaioletan daudenak aske izatea da justuena.