'Garbi eta txukun'
Aritz Sorzabal, kazetaria. Hiri garbi eta txukun bat nahi dute donostiar guztiek, horrekin ez dut zalantzarik, baina bakoitzak ‘garbi’ eta ‘txukun’ hitzak nola ulertzen dituen eta zein erabilpen ematen dien, horretan dago eztabaida.
Loiolako Erriberako kaleetan pilatutako zaborrarekin tematuta ibili zen duela zenbait hilabete PSE-EE alderdia; bertako zinegotzi bat inguru horretan bizi delako, ziur aski. EAJk abagunea aprobetxatu zuen esateko «zaborraren turismoa» dela hori, ondoko herrietan egiten den atez atekoaren eraginez sortutakoa.
PPk, aldiz, aste honetan salatutakoaren arabera, garbitasunaren eredua «ezker abertzalearen hainbat markekin» sinatutako kartel eta pankartarik gabeko hiria litzateke. Donostiak halako irudia ematea «tamalgarria» dela dio. Izan ere, Ramon Gomez zinegotziaren iritziz, «zikina» dago hiria, eta beraiek «nazkatuta».
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, bere aldetik, auzoko hainbat txoko “pixatoki” bihurtu direlako dago kezkatuta. Hain zuzen ere, ‘ez egin pixa kalean’ leloarekin, sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du abian asteburuan, Kontxako Banderaren bigarren asteburuarekin bat eginez. Kartelak jarriko dituzte bazter kaltetuenetan; Bretxako San Juan kaleko eskaileretan, San Bizente elizaren inguruan, Santa Korda kalean eta Trinitate plazaren sarreran, besteak beste.
Nire uste apalean azken salaketa hau da zintzoena, inongo erabilpen politikorik gabe egindakoa baita. Hala ere, kartelak jarriko dituztenez, PPk agian ez du gustuko izango…