Gaueko ate irekien zerbitzua negu osoan ireki!
Zergatik eskatzen dugu hala Kaleko Afari Solidarioak eta Harrera Sareak herritar ekimenek nola SOS Arrazakeria elkarteak ate irekien zerbitzua negu osoan irekitzea? Oinarrizko premiak asetzeko aukera ez duten herritarrei ostatua eskaintzea udalaren gizarte zerbitzuek bete behar dutela uste dugulako. Oinarrizko beharrak asetzea oinarrizko eskubideak izateaz gain, bizirik irauteko gizakiaren premiazko baldintza da: gosea, egarria, loa, hotz-beroa, garbitasuna… Zertarako? Donostiako autobide azpi, eraikin abandonatu edo periferiako parkeetan bizirik irauten duten 200 goiti pertsonen heriotza saihesteko. Hotz latza, haize gaiztoa eta euria erruz ari duen egun hauetan, bizitzarik gabe ez gelditzeko. Zer aldatu beharko litzateke egia bihurtzeko? Udalak ostatu hau irekitzeko indarrean duen irizpide nagusia: izotz-arriskuaren eguraldi iragarpena behar du. Zero gradutan ateak ireki eta bost gradurekin itxi? Bost graduren pertzepzio sentsazioa ezin al da izan zero gradukoa batzuetan? Bost gradurekin etxea bizileku dugunok ez al dugu berogailua jartzen? Eta hamar gradurekin euriak lo egiteko lekua bustitzen badu loak harrapatu al dezake gorputzak? Eta haizeagatik euriak lo egiteko txokoa blaitzen badu, zer? Eta trumoi baten izuak pixagurea eragiten badizu, zer? Eta gastroenteritisa baduzu, zer? Eta honek suposatzen duen gastuari nola aurre egin? Udal gobernuaren 2023rako aurrekontuko 56,9 milioi euroetatik kale egoeran dauden pertsonen premiazko beharrak asetzeko behar dena bideratuz, Gabonetako argien aurrekontua gutxituz, adibidez.
Kale egoeran dauden pertsona hauen errealitatea dramatikoa da. Donostiako Udalak dio legea betetzen duen Gipuzkoako udalerri bakarra dela (181 pertsonak lo egiteko plazak eskaintzen ditu Abegi etxea, gaueko aterpea, tutoretzapeko etxebizitza eta harrera pisuen artean. Osagarri gisa, joan den urtean, lo egiteko gelak alokatzeko 110 pertsonari diruz lagundu zien). Sinplea da kontra argumentua: legea betetzeak ez du saihesten, gutxi gorabehera 245 pertsonak kalean lo egitea. Gure ustez, sinplea da behin-behineko irtenbidea: ate irekien zerbitzua irekitzea. Eta behin betiko konponbidea konplexuagoa bada, gobernantza ahalmena duten erakundeek elkarren artean bilatu beharko dute soluzioa. Ez dakigu Sebastian santuak esku hartu duen, baina gaur arte –asteartea, urtarrilak 24– bost egunez segidan ireki dute La Sirena aterpetxea. Bihartik aurrera izan dadila udala giza eskubideen eragile baino egikaritza jardunbide: munduan bakarra den Donostia Europako Elkartasun Hiria bihurtzeko. Utopia bat Urrezko Danborra 2024an Donostiako Udalak eskuratzea? Kalean bizi irauten dutenen ama, aita, anai-arreba eta aiton-amonek alde bozkatuko lukete, erraietatik eta bihotzez eskertuz beren familia kideak bizileku eta aterpe duin bat eskaintzen duen herrian artatuak izan direlako. Bada arrazoi hoberik Donostia munduan barrena ezagutarazteko?