Gauzak izendatzeko beldurra
Irakaskuntza praktikak egiten hasi naiz ikastola batean. Bertako irakasle batekin hizketan nengoela, komentatu dit ikasle batzuk beste pare batekin grinatzen hasiak direla eta horri nola aurre egin pentsatzen ari direla. Gorabeherak behin azalduta, berehala gehitu dit: “Dena den, ez nuke bullying-a dela esango, hori oso hitz gogorra da eta”.
Badakit ez diola gaiari garrantzia kendu nahi izan eta, agian, hori sufritu ez duenaren kokaleku pribilegiatutik atera zaizkiola hitzok. Ezin duelako ikusi benetan gogorra dena beste aldean izatea dela, edo, bestela esanda, errazagoa delako hori ikusi ere ez egitea.
Bizitako beste egoera bat oroitarazi dit, lagun bat eta biok nire bikotekide ohiari buruz ari ginela, ”maltratador” hitza erabili zuela bera deskribatzeko. Konbentzimendu osoz esan zuen, eta ni blokeatuta gelditu nintzen. Niri ere gogorra iruditu zitzaidan lagunak hitz hori erabili izana, neurriz gainekoa, egia esan. Urteak aurrera doazen honetan, ordea, konturatu naiz benetan gogorrak nik berari kontatutakoak zirela, eta, hein handi batean, tratu txarrak jaso nituela onartzea ere.
Bi kasuetan gauza bera gertatzen dela uste dut: zerbait izendatzen ez duzunean, gertatu ez denaren edo gertatzen ari ez denaren sentsazioa dugu. Izenak duenak izana du, eta izenik ez duenak, berriz, despistatuarena egiteko baimena. Gogorra baita onartzea zure seme edo alabari bullying-a egiten diotela klasean, irakasle modura zaudenean hori gelditzeko zer egin ez jakitea eta zuri egiten dizutela aitortzea. Irensteko errazagoa da edozeinekin sartzen direla pentsatzea, ez dela ezer pertsonala eta soilik umeen kontuak direla. Baita lagunei (eta zeure buruari) zure bikotekidea apur bat odolberokoa dela esatea, eta ez tratu txarren emaile hutsa.
Zoritxarrez, hitzekin ezkutaketan jolasten gabiltzanean, tratu txarrak ematen dituztenak behin eta berriro babestu egiten ditugu. Ez dugu guk ere ahozabalak izan nahi eta hitzek gugan eragiten duten mina galarazteko, isiltasunarekin besteak mintzen jarraitzea bermatzen dugu. Erraza ez den arren, pertsonak eta egoerak izendatu behar ditugu, izan denaren lekuko bat egoteko eta biktimei merezi duten aitortza emateko. Gainera, itsu-itsuan gabiltzanean, zaila da irtenbide bat aurkitzea egora hauentzako, konponbide bat topatzeko, lehenengo zeri aurre egiten ari garen jakin behar dugu eta.
Ziur nago ikastolan haien eskuetan dagoen guztia egiten dabiltzala irtenbide bat aurkitzeko, baina geure buruari hainbesteko errespetua diogun ”gogortasun” horri buruz galdetuz hasiko nintzateke. Hitzak bortitzak izan daitezkeelako, dudarik ez, baina bizipenak are bortitzagoak direnaren susmoa baitut.