Gaza Resort City
Gero eta jende gehiago entzuten da «bakea» eta «elkarrizketa» ospatzen, Palestinako genozidioaren testuinguruan Trumpek bere proposamena egin zuenetik. Zer da bakea, ordea, goitik behera txikitutako eta eraikin hondakinen artean itotako herri batentzat? Eta, are gehiago, zer ezkutatzen du atzean «bakea» eta «bi estatuen irtenbidea» aldarrikatzen duen akordio honek?
Bi estatuen irtenbidea deitzen duten hori, gaur egungo baldintzetan, proiektu sionistari zilegitasuna emateko modu garbia da: Palestinaren erabateko desegitea mozorrotzen duen formula diplomatikoa. Estatu bat «aitortzen» zaio palestinar herriari, gaur egun Marteko lurrazalaren antza gehiago duena beste ezer baino. Horrekin batera, zilegitasuna kentzen zaio palestinar erresistentziari, eta jopuntuan jartzen da «terrorismoaren» aurkako diskurtsoarekin bat eginez.
Erresistentziari babesa ematea ez da iritzi soila, baldintza politiko-materiala da negoziazio duin baterako. Erresistentziarik gabe, ez dago indar harreman errealik. Egun, munduko potentzia handiek orkestratutako jokaldi honetan, palestinar erresistentziari ondorengo dikotomia jarri zaio mahai gainean: Palestina gure negozio iturri bilakatu eta erabat ustiatzeko plana onartzea ala herri oso baten suntsipena sinatzea.
«Elkartasun internazionalista ez da banderak altxatzea soilik. Gurean jokatzen da han gertatzen denaren zati handi bat: hemen presiorik ez badago, han ez da aldaketarik izango»
Israelgo Estatua proiektu sionistan oinarritutako estatua da lehen minututik, eta argi esan beharra dago ez lukeela existitzeko betarik ere izan beharko. Lur horiek palestinarrenak dira, eta egun Israelgo Estatua baliozkotzat jotzeak, proiektu sionista onartzea dakar.
Elkartasun internazionalista ez da banderak altxatzea soilik. Borroka politikoa da. Gurean jokatzen da han gertatzen denaren zati handi bat: hemen presiorik ez badago, han ez da aldaketarik izango, eta hemen hegemoniko bihurtzen dugun diskurtsoak ere, negoziaziorako terminoak ere baldintza ditzake.
Europako gobernuek engainu ederra jo digute, eta egiazko presioa egin beharrean, okupatzailearen kontakizuna sendotzen lagundu dute. Palestinaren kausak ez ditu keinu sinboliko gehiago behar, baizik eta konpromiso politiko argia, ikuspegi antikolonialista garbi batekin: erresistentziarik gabe, galtzailearen isiltasuna besterik ez da geratuko. Eta hori, bakea baino, mendekotasuna da. A, eta Gaza Resort City bat amerikanoz beteta.


