'Gaztelua' argazkitan
Xabier Arzelus, idazlea
Donostian daukagun mendirik “donostiarrena” Urgull edo Gaztelua da, nire iritziz. Honek ez du esan nahi Ulia eta Txubillo –Igeldo– mendien “donostiartasuna” zalantzan jartzen dudanik, ez horixe! Baina Urgull gure-gurea dela iruditzen zait, berak babestu baitu betidanik gure hiria. Itsasoan zehar gureganaino basatiki heldutako ipar haize bortitzenak ere Urgull mendiaren aurka lehertu egin dira beti, itsas uhinek mendiaren oinen aurka egiten duten antzera. Donostiarrek Gaztelua izenez ezagunagoa dugun Urgull-ek, ordea, alde txarrak ere izan ditu gure herriarentzat. Naturaren erasoen aurka babestu bagaitu ere, gure mendi honi gizakiok eman diogun betebehar militarrak kalte izugarriak ekarri dizkio hiriari. Azken mila urteetan –gutxienez– mendia gotorleku bilakatu dugu, gerrarako habi, hasierako harresi xumeak gero eta gerhiago hedatuz eta indartuz. Funtzio militar honek ere hiria harresitzarrez mugatu zuen, eta jakina, Donostia bera gerra-helburu bilakatu zuen, herriaren kalterako. 1813an gertatu zen hiriaren suntsiketa hemen idatzitakoaren adibiderik gogorrena izan bazen ere, ez zen tamalez bakarra izan. Bake garaietan ere donostiarrok “izurrite” militarrari aurre egin behar izan zioten sarritan, Gazteluak soldadu guztiak bere eraikinetan hartu ezin zituen bakoitzean donostiarrek etxeetan hartu behar baitzituzten nahitaez. Gazteluak, beraz, txanponaren bi aldeak izan ditu mende luzez guretzat. Zorionez, 1924an Urgull mendia Udalaren eskuetara itzuli zen, eta eskuratze honekin, Gaztelua den paregabeko talaiaren xarmaz gozatu ahal izan genuen berriro… XI. mendetik gertatzen ez zena! Donostiar askorentzat Gaztelua gure lehen haur-jolasen leku izan da. Nire kasuan, ondo gogoratzen ditut andereño Zipitriaren begiradapean eginiko ibilalditxoak, loreak eta gaztainak biltzearen bidez Natur-Zientziekin izaniko lehen harremanak, zuhaitz «erraldoien» oinetan eginiko dantzak eta abestutako lo kantak. Horien lekuko isil izan ziren beste garaietan gerra oihuz odoleztatutako harritzar hotzak. Orain, Jesus Mari Zabalza argazkilariak Urgull-en aipatu bi aldeak zuri-beltzean landutako irudi ederrez isladatzen saiatu da, “gure” mendia behin eta berriz, eguzkipean zein euripean, bisitatu ondoren. Zabalzaren liburu laster aurkituko dugu liburutegitan eta –seguru– donostiarrok zirrara berezia sentituko dugula Urgull edo Gaztelua irudi hauon bidez berriro bizitzerakoan.
