'Gehiegi'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea.
Inoiz edo behin nire koinatu Eduren iritziez hitz egin dizuet txoko honetan bertan. Realzale amorratua da, igandekoa bezalako partidetan ikaragarri sufritzen duen horietakoa. Eta igandean familia bazkaria genuenez gero, elkarren ondoan harrapatu gintuen partidaren hasierak, artean kafea bukatu gabe. Bostak eta bostean nire koinatua tabernara hurbildu zen urduri. Bostak eta zortzian burumakur itzuli zen, eta hemen errepikatuko ez ditudan madarikazioak bota ostean, Bravoren irteera kaskarraz hitz egin zigun. Partida hasi bezain pronto, atzetik markagailuan. Hori da kafea izorratzeko modua, hori! Eta hala eta guztiz ere, kafea hartutakoan tabernara jaitsi ginen. Hogeigarren minutua zen eta ordurako bana geunden markagailuan. “Eta gola, nork?” -galdetu genuen-. Xabi Prietok, nork bestela? “Eta pasea, nork?” Llorentek, jakina! Tabernariak zeharo konbentziturik eman zizkigun izenak, Llorentek pasea eta Prietok gola sartzea munduko gauzarik ohikoena balitz bezala, ohartu gabe ezen normalean alderantziz izaten dela. Zorionez, aurtengo Realak horrenbeste bolbora dauka aurrealdean non zaleok izenak nahasten ditugun eta bost axola gola dinamitak, goma-bik, edota nitroglizerinak sartu duen. Atsedenaldia hurbiltzen ari zenean bigarrena iritsi zen. Griezmann-en jokaldia bikaina izan zen, maisu-lan txikitxo bat, kolpe bakar batean hiru atzelari utzi baitzituen atzean. Eskerrak Barça eta Real Madrilen arteko partida atzo jokatu zen! Hartara, gorteko kazetariek ez dute denborarik izango gure Petit Diable berriaz hitz egiteko. Sporting-ek aukera garbirik sortu ez bazuen ere, bigarren zatia oso luzea izan zen. Hain luzea non nire koinatu Eduk jokoari bainoago segundoen erritmo mantsoari erreparatzen zion. Eta amorraturik, Sporting-eko jokalariren batek erdiratu behar zuen bakoitzean zera esaten zuen, norbaitek besoak itsatsi beharko lizkiokeela Rivas-i, zinta amerikarrarekin behar izanez gero. Arestian esan bezala, nire koinatuak ikaragarri sufritzen du Realarekin. Gehiegi, ene gusturako.


