Gentrifikazioaren aurrean, auzo erantzuna!
Azken urteotan, auzoa aldaketa fase sakon batean murgildua egon da. Aldaketa hauek ez dira bat-batekoak izan, eta gutxi batzuek euren interesak defendatu eta gauzatzeko bultzatutako prozesu baten ondorio dira. Aldaketa hauek, plazetan, etxeetan, komertzioetan eta, batez ere, auzoko ehun sozialean antzeman daitezke. Prozesu honi gentrifikazioa deritzogu.
Eraikuntza enpresen, etxe-agentzien, zein sektore turistikoaren praktika espekulatzaileek gure auzoa eraldatzen dute, euren eredua inposatuz eta gure bizimodua garestituz. Hauen praktikaren oinarria etxeak erosi, alokatu eta saltzea da batez ere, auzo batzuk modan jarriz eta beste batzuk baztertuz, betiere ahalik eta kapital gehien metatzeko asmoarekin. Gure auzoa nola bihurtu diru? Galdera hori ipar jokatzen dute, etxebizitza eta auzotarren espazioak produktu bilakatuz.
Egoera honek prezioen garestitzea dakar, eta, ondorioz, auzoan bizitzea ezinezkoa bilakatzen da langile klasearentzat. Ondorioz, emantzipatu nahi dugun gazteok, emakumeok, migranteok, familia langileok, gazte zein heldu prekario edota langabeok auzotik kanpo bizitzera derrigortzen gaituzte.
Faktore gehiagok ere eragiten dute auzokideek gogoz kontra auzotik alde egin behar izatea. Esaterako, etxebizitza degradatuen berregokitze prozesuek, non udalak ardura zuzena duen, ITE (eraikinen azterketa teknikoa) delakoaren bitartez; diru-sarrera altuagoak dituztenei eskaintzeko asmoz abiatuak, auzoaren elitizazio bortitza indartzen dute eta bizilagunek bertatik alde egitea eragiten dute.
Azpimarratzekoa da pisuak paradisu turistiko gisa modu sistematiko eta basatian eskaintzeak ere aldaketa integralak ekarri dituela auzora. Desplazamendu prozesuan funtsezkoa izan da Groseko bizilagunek behar dituzten bizi-kalitatearen eta egunerokotasuneko zerbitzuen galera, bizileku-auzo izatetik auzo turistiko izatera pasatzeak auzokideen eguneroko bizitza bortizki zaildu eta aldatu baitu. Azken finean, Grosen bizitzeak gure azalean hau guztia jasan behar izatea esan nahi du: gure alokairuak garestitzea, gehiegizko industria turistiko masiboaren sarrera, bizi mailaren garestitze etengabeari aurre egin ezin dioten gazte eta familien ihesa eta abar. Gaitz hauek guztiek, auzoa produktu huts bihurtzen dute.
Ixilpeko erbesteratzera kondenatu nahi gaituzte.
Askok zabaltzen dutenaren aurka, Grosen bizi nahi izatea ez da kapritxoa edo apeta. Geure auzoan bizi nahi izatea da, lanerako eta bizitzeko tokitzat daukagun leku horretan, geure komunitatea eraiki dugun espazioan; eta horren defentsak bultzatutako aukera. Modu honetan, ez dugu onartzen aski zabalduta dagoen diskurtsoa.
Saretxek guzti horri erantzuteko espazio izatea du helburu, alegia, bizilagunek etxebizitzarekin ditugun arazoak ezagutzeko eta elkarlanean eta modu kolektiboan irtenbide bat bilatzeko espazioa. Honekin batera, etxebizitzaz haratago, auzoko bestelako arazoei erantzuteko elkarlanean aritzea eta komunitatea sendotzea ezinbestekoa dugu. Bakoitza bere esparrutik, bakoitzak bere ekarpen xumetik. Humiltasunez, baina uste osoz.
Etxebizitza, auzotik eta auzoarentzat. Auzoa, auzotik eta bizilagunentzat.