Geratzen zaigun bakarra, bakoitzaren hautua
Azkenaldian, elkarrizketa ugari izan ditut egin beharrekoaz. Egoerak ez dira makalak eta bagabiltza pentsatzen zer egin aspaldi hasi eta oraindik bukatu ez den genozidioarekin, eguneroko bizitzaren garestitze eta aldi bereko pobretzearekin, badatorren faxismoarekin. Eskertzen dut galdera hori planteatzen duen ingurunean bizitzea, «zer egin» galdera aisialdian pelikula hautatzeaz harago plazaratzen duen herrian. Kezka sortu dit, ordea, zer egin galderak, larregitan, ahal hitzarekin duen loturaz: zer egin daiteke? Marina Garcesek posible denaren kartzelen eraikuntza seinalatu zuen aspaldi, izenburu antzekoa zeraman liburuan. Botereak gramatika bat sortzen duela zioen, ez soilik egin behar ez dena zigortzeko, baizik eta egin daitekeenaren mugak zehazteko. Ez dugu egingo egingarria ez dela uste duguna, ez gara ezta saiatuko ere.
Palestinar herriaren kontrako genozidioa begien aurrean izan dugu azken urteotan, eta kapitalismo sionistak ezkutatu ez badu, hain zuzen ere, guk ikustea nahi zuelako da. Dio: hain naiz boteretsua eta eraginkorra, ezen zure muturren parean egin dezakedala egin nahi dudana. Eta horren osteko mezua argia da: zuk, aldiz, ezin duzu ezer egin. Aitzitik, Israelen kontrako protesta eta boikot deialdiek eman digute erreplikarako aukera, baietz esateko, zerbait egin dezakegula. Adibidez, kontsumitzaile moduan, zerbitzu eta produktu batzuk erosteari utzi diezaiokegu. Beldur naiz, ordea, ez ote dugun boikotaren ikuspegi oso indibidualista barneratu.
«Batzuek diote geratzen zaigun bakarra hautu pertsonala dela, baina, agian, hautu hori ez da kontsumitu ala ez, hautu hori da bakarrik edo elkarrekin»
Duela gutxi, To Kill a War Machine dokumentala ikusteko aukera izan nuen, Erresuma Batuan Palestine Action taldearen jarduna azaltzen duena. Filmak pista egoki ugari ematen dituelakoan nago, hemen lau, adibidez: bat, boikota talde estrategia bat; bi, estrategia hori ez da soilik ez erostea, beste batzuek erostea eragoztea ere bada; hiru, propagandarik onena ekintza da; lau, enpresak ez daude isolaturik, elkarrekiko mendekotasuna dute eta, beraz, katearen begi bakoitzean eragin daiteke enpresa handi bati eragiteko.
Zer egin? Galdera berbera errepikatu zen pasa den astean Feministaldian, enpresa informatiko handien datu zentroek sortzen dituzten kalte ekologiko eta sozialei buruzko hitzaldian. Tu Nube Seca Mi Rio taldeko kideek erantzun zuten: ez dugu pentsatu behar zer egin banako moduan, ingurukoekin elkartuz eta talde gisa soilik eragin dezakegu. Batzuek diote geratzen zaigun bakarra hautu pertsonala dela, baina, agian, hautu hori ez da kontsumitu ala ez, hautu hori da bakarrik edo elkarrekin.


