Gerran
Gerran gaudela esan dute telebistan. Estatuak gerrarako prestatu dira, osasunaren izenean. Osasunaren izenean gure etxeetan gotortu gaituzte. Osasunaren izenean, kolore guztietako indar polizialak ditugu Donostiako kaleen jabe, baita espainiar militarrak ere. Milaka langile kaleratuak izan dira osasunaren izenean, ziurgabetasun egoeran, gabeziatik asko eta ziurretik bizi ahal izateko gastuak geratu zaizkielarik. Aldi berean, gerra hontan osasuna ez omen da hain garrantzitsua patronalak segurtasun bermerik gabe lanera bidaltzen dituen beste milaka langilerentzat.
Ospitalera lanera igotzen naizenean, beraz, gerrara omen noa. Bertan, baina, ez dut osasunaren izenean ekarritako material nahikorik. Kideak beren kabuz materiala lortzen, trajeen gainetik zabor poltsak jazten… Donostiatik kanpoko kideei galdetuta ere, egoera negargarriak deskribatzen dizkidate. Badirudi gerrara bidali gaituztela, balarik gabe.
Izan ere, ez dago zalantzarik gerran gaudela. Nik, baina, argi daukat ospitaletik etxera bidean militarrak ikusten ditudanean, lubakiaren zein aldetan nagoen. Noren aurka ari naizen gerran, eta nor ari zaidan gerra egiten.
Goi burgesiak, Estatuen bidez, mundu mailako gerra hasi du langileriaren aurka, eta datorren krisiaren aurrean gure guztizko sumisiorako baldintzak ezarri nahi ditu, osasunaren izenean. Hartutako neurriek ez diote koronabirusaren aurkako gerrari erantzuten, krisi honetan haien boterea mantendu eta dominazioa handitzeari baizik.
Etorkizun ilun horretara kondenatu nahi gaituzten honetan, Gazte Koordinadora Sozialistatik abiatu dugun kanpaina ondorengo 4 puntuetan ardazten da:
- Salbuespen neurri politikoak bertan behera uztea, askatasun politikoak bermatuz, segurtasun neurri egokien baitan.
- Koronabirusaren kausen, dimentsioen eta eraginen egia ezagutaraztea.
- Langile independentziaz burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoak gelditzea.
- Burgesiaren interesen gainetik, osasun irizpide unibertsala lehenestea.
- Kanpainara batzeko deia egiten dugu, egoera honetan ezartzen ari den ofentsiba salatzera.