Ge(zu)rra
Ingelesik ez zekien Donetseko turismo bulegoko gaztea, Khokloven antza zuelako berarekin argazkiak atera genituen tipoa, Maidan protestetan gaua plazan pasa zuten bi emakumeak, diskotekara eraman gintuen tabernaria… Aurpegiak eta izenak ahaztu zaizkit, orain une zehatzen oroipenak baino ez diren arren, urte hauetan maiz etorri zaizkit gogora.
Ez atzo goizetik. Izan ere, aspalditik dabiltza gerran Donbass inguruan. Orain gerra hori zabaldu egin da, eta, tamalez, are jende gehiago dago arriskuan Maiz galdetu izan diot neure buruari zer gertatu ote zaien batzuei zein besteei, jakinda gerraren bi bandoetan zeudela. Susmoa dut orain hango biztanleekin oso kezkatuta dauden goi-agintari askori ez zaiela askorik axola herritar hauen egoera.
Hainbaten esanetan, Gerra Hotzetik lehen aldia da Europako herrialde bati erasotu zaiona. NATOk Yugoslaviari (Serbia eta Montenegro) eraso egin izana ez bide da Europa. Paradoxikoki, Errusiak Ukrainari eraso egiteko erabilitako aitzakia/argudio –gezur batzuekin batera– bera erabili zuten atlantistek Serbian.
Kosovon zein Donbassen gatazka armatua zegoen: batetik gobernua eta bere aldekoak, bestetik beste herrialde bati begirako matxinatuak. Paralelismoari jarraiki, NATOk bonbardatu beharko zukeen Kiev, Donbasseko gatazka gerarazi, Minseko akordioak sinarazi eta bertako herritarrei euren etorkizuna erabakitzeko aukera eman.
Aurrekoa esanda, nahitaezkoa bihurtu dute sasizar Putinen gerra ankerra gaitzesten duzula gehitzea. Zoritxarrez, batzuen ustez, halakoetan batekin ala bestearekin egon behar da, matizik gabe. Zeharo aztoratzen nau zer argi erabakitzen duen hainbatek zein gerra dagoen justifikatua eta zein ez, zein herritarrek merezi duten autodeterminazioa eskubidea eta zeintzuek ez, zein prentsa den propaganda eta zein ez.
Funtsean, jakin badakigu norberaren sinpatiek baieztatzen dutela zilegitasuna. Estatuen kasuan, norberaren interes militar eta ekonomikoen arabera. Hori aitortzeko zintzotasun moralik ez eta gure jarduna demokrazia eta giza eskubideen izenean egiten dugula errepikatzen dugu. Inoiz, baita sinetsi ere. Zinismo hori bekatuen artean txikienetakoa bada ere, arazoaren oinarrian dago. Norbera balore gorenen alde borrokan arituta, arerioa gaitz guztien isla denean, are errazagoa da edozer gauza justifikatzea.
Bitartean, Errusian jokatzekoa zen Txapeldunen Liga finala tokiz aldatu dute. Agian udako beroa izan da Qatar edo Saudi Arabiara ez eramateko arrazoia. Espainiako Superkopa, Munduko Kopa edo F1 lasterketak han egiteko arazorik ez dute topatu eta. Han ere zantar hutsak dira, baina gure zantarrak dira.