Gipuzkoako Artisten Elkarteak 75 urte
1949ko otsailaren 12an eratu zen Gipuzkoako Artisten Elkartea. Urte haietako elkartearen eta egungoaren artean, desberdintasun bezain beste antzekotasun daude.
Politikoki gatazkatsua zen garai batean sortu zen elkartea. Artea eta bere aldaerak askatasunaren ideiekin eta ezkerreko politikarekin lotzen zituen erregimen autoritario baten garaian, hain zuzen ere; erregimena ez zen ideia haietaz fidatzen.
Garai hartan, elkartea Gipuzkoako artista guztientzat izan zen hazteko, topatzeko, elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta abarrerako leku bat.
Puntu honetan, egungo elkartea gauza bera da, nahiz eta badiren alde saihestezinak, garaia eta testuinguru politikoa oso desberdinak direlako. Zapalkuntza dagoenean, oro har, artistak, gizarteko gainerako kideak bezala, elkartuago egoten dira; erregimen liberalago batean, aldiz, artista ere egokitu egiten da, jarrera errebeldeak uzten ditu eta indibidualistago bihurtzen da.
Gizartea asko burokratizatu da, naturaltasun eta berezkotasun handia galdu da esparru guztietan, baita artean ere. Dagoeneko ia ez dago lehiaketarik —kartelenak, adibidez, ia desagertu egin dira, zuzenean diseinu estudioei eskatzen baitizkiete—, ez galeriarik —bata bestearen atzetik ixten doaz, ezinbestean—, ezta mezenasik edo artearen sustatzailerik ere.
«75 urteotan, elkarrekin mantendu gaituen helburu nagusia izan da arte plastikoak eta, oro har, artea bera babestea eta zabaltzea»
75 urteotan, elkarrekin mantendu gaituen helburu nagusia izan da arte plastikoak eta, oro har, artea bera babestea eta zabaltzea. Gure aurrekoen moduan, artea kalera atera ahal izateaz gozatzen dugu, Donostiako Bulebarrean hilero egiten den arte azokan, esaterako.
Gaur egun, formatu libreko egitura bat mantentzen da elkartean, bazkideek nahi dutenean joan ahal izatea ahalbidetzen duena, ekonomikoki eskuragarria dena eta artisten arteko topagune hori eskaini nahi duena.
Ez denez akademia bat, baizik eta artisten elkarte bat, normalean joaten den jendeak maila artistiko bat edo artearekin aurretiko harreman bat du, eta, horren ondorioz, batez besteko maila artistikoa altua da.
Pintura, zeramika, grabatua eta zura zizelkatzeko hainbat tailerrez gain, modelo biluziko marrazketa saio libreak mantentzen ditugu —nortasun ikur gisa—, edozein diziplina artistiko plastikoren oinarritzat hartu ohi baita marrazketa estilo hori.
Bakarrik edo jende gehiagorekin, azken finean, elkartearen xedea da artea sortzeko espazio bat eskaintzea.