'Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren behin betiko onarpena'
1998an Kalapiek LehendaBizi proiektua bultzatu zuenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan bizikleta bideen sare bat sortzearren, sare hau errealitate bihurtzeko gogor lan egin dugu. Egindako lanari esker, Aldundiak “Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sareari buruzko Plana” idaztea agindu zuen, eta planaren prestakuntza 2002an amaitu zen.Plan horrek, alabaina, hutsune kezkagarriak zituen: ez zen formalki onartu; ez zuen gauzatzea bermatzeko lege maila nahikoa ematen zion lurralde-antolamenduko baliabide juridikorik; eta ez zuen elkarrizketa biderik ezartzen bizikletaren erabiltzaileok planaren jarraipenean modu egonkorrean parte hartu ahal izateko.Horregatik, Kalapiek Aldundiari hutsune hauek konpontzeko eskatu zion, bai eta bizikletaren erabilera sustatzeko estrategia orokor bat bultzatzeko ere, bizikleta mugikortasuna baldintzatzen duten faktore eta elementu guztiak kontuan hartuz.2007an Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Arauaren onarpenak, besteak beste, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorial bat sustatzeko konpromisoaren formalizazioa ekarri zuen.
Eta, izapide luze baten ondoren, azkenean Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu da.
KALAPIEren ustez plan honen onarpena gertaera gogoangarria da Gipuzkoako bizikleta mugikortasunaren historian:
- − aurreikusitako bizikleta bideen sareak aurrerantzean izango duen lege estaldurak sarea eraikitzeko konpromisoa ekarriko du;
- − sarea azkarrago gauzatzeko lege tresnak eskaintzen ditu;
- − sarea bukatzea bermatuko duen programazio ekonomikoa jasotzen du;
- − erabakiak lotesleak izango dira udal hirigintza-plangintza egiteko.
Hemendik Plan honen sorreran parte hartu duten eragile guztiei, plana idazteaz arduratu diren teknikariei, eta plana babestu duten talde politikoei zorionak eman nahi dizkiegu.
Era berean, espero dugu, hurrengo urteetan, Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarearen zati ezberdinak kudeatzeko eta gauzatzeko Lurralde Plan Sektorial honetan aurreikusten diren 15 milioi euroak, gutxi gorabehera, urtero inbertitzeko konpromisoa betetzea.
Kalapie, Hiriko txirrindularien elkartea