'Gipuzkoako hoteletan gertatzen ari dena ez da kasualitatea'
Azken urteetan Gipuzkoako turismoak gora egin du nabarmen. Gero eta gehiago dira gure hotel eta kaleak goraino beteta dauden egunak. Egunkarietan eta telebistan datu errekorrak izaten gabiltzala behin eta berriz errepikatzen digute. Baina zer da errekor honek atzean ezkutatzen dutena? Aldi baterako lan kontratuak, zerbitzuen externalizazioa, soldata baxuak… hitz batean laburtuta, prekarietatea.
Zerbitzuen externalizazioa piztia geldiezin bat bezala ari da gure lan munduan barneratzen, eta Gipuzkoako ostatu eta hotelak ez dira errealitate honetatik at gelditzen. Zerbitzuen azpikontratazioa hotelen ADNan txertatzen doa, eta gero eta gehiago dira jardun honen aldeko apustua egiten dutenak hotelak.
Externalizazioak muturreko prekarietatea sortzen du, zuzenki lotuta dauzka lan egun amaigabeak, alde baterako kontratuak, ordukako kontratuak, soldata baxuak, lan berdina egiten duten langileen artean kategoriak, eta abar. Guztiaren gainetik flexibilitatea eta kostuen gutxitzea topatzen du, atzean dagoen langilearen egoerari jaramonik egin gabe.
Gipuzkoako hotelek orain urte asko ikusi zituzten jardun honek izan ditzakeen “abantailak”. Besteak beste, lan flexibilitatea igotzeko aukera eta langileen artean egonezina eta beldurra zabaltzeko aukera.
Egoera honen aurrean ELAtik argi daukagu negoziatzen ari garen sektoreko hitzarmen kolektiboak jardun honen erregularizazioa barneratu beharko duela, hau hitzarmen batean debekatzea legez kanpokoa delako, legeak enpresen jarduteko modu hau defendatzen duelako.
Honek guztiak lotura zuzena du izan nahi dugun gizarte ereduarekin eta orain arte lortu diren eskubideen mantentzearekin. Azpikontratazioak lan munduaren egitura eta funtzionamendu berri batean aurrean jartzen gaitu, eta sortzen duen prekarietateak desberdintasun sozial eta ekonomiko handiagoak dituen gizarte eredu baterantz bideratzen gaitu.
Egoera honi aurre egiteko bide bakarra dago: langileon borroka. Gure lan baldintzen alde, kalitatezko lanaren alde eta soldata duinen alde, langileok antolatu eta borrokatu egin behar dugu.
Maddi June Aspiazu, ELA Zerbitzuak