Gizon apal baten oroimenez
Parte Zaharrean presoen alde dinamika ugari egin izan dira, beste hainbat herri eta auzotan bezala. Urteetan iraun duen eta egun indarrean segitzen duen ekimen bati buruz nahi dut idatzi. Baditu hogeita hamar urte inguru Donostian jende guztiak ezagutzen duen presoen aldeko ostiralero egiten den ekimenak. Negua izan, uda izan, ateri egin, euria egin, hotz ala bero, hutsik egin gabe egin ohi da. Plaza Berritik hasi eta Plaza Berrian bukatzen da, salbuespenak salbuespen. Donostiako kaleetan zehar egiten du ibilbidea.
Normalean, Plaza Berri, Portu kalea, kale Nagusia, Hernani kalea, Askatasunaren ibilbidea, Okendo kalea, Bulebarra, kale Nagusia, Portu kalea eta Plaza Berrian bukatu ohi da.
Eguraldi txarra egiten duenean Andia kalean ematen du buelta. Batzuetan jende asko, eta beste batzuetan ez hainbeste. Gehienek eskuetan presoen argazkiekin joaten dira. Helduek, ez hain helduek, gazteek… hartzen dute bertan parte prozesio bat balitz bezala. Presoen askatasuna eskatzen da, eta enkartelada deitzen zaio ostiralero arratsaldeko zortzietako ekimen honi.
Ekimen honek gorabehera zenbait izan ditu, batez ere, hasi zenean, behin baino gehiagotan oztoporen bat edo beste izan zituelako. Egun lasai eta serio jendea ilaran jarri eta eragozpenik gabe hasi eta bukatzen da. Antolakuntza xumea da: pankarta edo pankartak, megafonia duen autoa eta kito.
Ekimen honen sustatzaile nagusiak presoen senideak eta lagunak dira. Ekimen honi hasiera eman ziotenen artean Balentxi dago. Balentxirekin batera beste batzuk izan ziren ostiral arratsaldeko presoen aldeko enkarteladari hasiera eta jarraipena eman ziotenak. Horietako bat: Joxemari Mendiola.
Joxemari Mendiola pasa den astean hil zen. Ostirala joan ostirala etorri, astea joan astea etorri, urtea joan urtea etorri, Joxemari, hutsik egin gabe, arduratzen zen presoen argazkia duten kartelak biltokitik plazara ekartzen, eta, amaitutakoan plazatik biltokira eramaten. Enkartelada hasten zenean bera beti atzean, azkena jartzen zen, eta orain trafikoko autoa jartzen bada ere, hori baino lehen bera izan ohi zen kalearen erdian jartzen zena ibilgailurik pasa ez zedin.
Horrelakoa zen Joxemari, beti isil-isilik inor molestatu gabe. Hitz gutxi egiten zuen, baina, aldi berean, abegikorra eta alaia zen. Hitz egiten bazenion, aldarte onarekin entzuten zizun, eta erantzun ere, era berdintsuan. Gizon apala, langilea, borrokalaria, nekaezina, atsegina.
Joan berri zaigun gizon horri eskaini nahi diot testu hau, bere lana eta bere borondate ona eskertuz, eta, halaber, eskerrak emanez bere eskuzabaltasunagatik.
Goian bego. Agur eta ohore.