Glov(o)alizazioa
Honezkero konturatuko zineten; hiria bi gurpilen gainean batetik bestera ziztuan bidaiatzen duten kaxa edo puxika horiz bete da. Hala, egun batetik bestera, Glovo konpainiak lur hartu du Donostian. Ez da halako zerbitzuak hirian eskaintzen dituen lehena, baina oker ez banago, garraiorako txirrindulariak aukeratzen dituen bakarra da. Aukera ekologiko zein osasuntsua, webguneak berak dioenez.
Egun bizi dugun munduaren irudi bilakatutako enpresa honen funtzionamendua ezagutzen ez duzuenontzat, Glovo lanparako jeinu urdinaren parekoa da; nahikoa da mugikorrean app-a deskargatzea eta gure datuak eskaintzea. Trukean, denbora faltagatik ala nagitasunagatik gure kabuz eskuratu ezin dezakegun edozer etxeko atariraino ekarriko digu. Magia!
Gehienbat janaria da kaxa horiek garraiatzen dutena, baina supermerkatuko erosketak eta bestelako enkarguak ere egiten dituzte (iaz Carrefour supermerkatu konpainiarekin akordioa sinatu zuten, eta besteak beste, Donostian bertako produktuak erosi daitezke app-aren bitartez). Lan eskaintza zabala eta erakargarria dute gainera. Beren webgunean adierazten dutenez, norbera bere nagusia izan daiteke, nahi dituen orduak soilik lan eginez eta hiriaz pedalei eraginez gozatzeko aukera eskainiz. Horri lana deitzea ere!
Baina puxika horiek (eta beste koloretakoek, esaterako, JustEat, Deliveroo eta antzeko plataformek) badute alde ilun bat, eta deabruari arima trukean ematearen prezioa langileek ordaintzen dute, kasu honetan, lan baldintza prekarioekin. Baldintza horiek, beraz, gurera ere iritsi dira; duela hilabete batzuk, esaterako, Twitterren ikusi genuen Glovo-ren langileetako bat Dbizi hiriko bizikleta publikoaren sistemako ibilgailuaz baliatuta bere banaketa lana betetzen.
Glov(o)alizazioak ekarritako lan eredu prekario eta esklaboak salatzeko balio izan du ostegun honetako Greba Orokorrerako deialdiak, baina zoritxarrez, puxika horien joan etorriek oraingoz ez dute etenik izango. Bitartean, Aste Nagusian ikusitako irudi bat burutik kendu ezinik nabil; portuan, hiriko jaietan, gazte kuadrillak poz betean bapo afaltzen, parrandarako prest; eta kuadrilla-zirkuluen artean saltoka, bizikleta eskutan, motxila horidun jenioak, eskaera egin dieten bezeroak topatzeko ahaleginetan.