Goia, bideragarritasuna eta sardinak
Añorga Txikin, auzoa masifikatuko duen proiektua inposatu nahi du Donostiako Udalak. Aspaldi hasi ziren hainbat auzokide proiektua aldatzeko lanean, eta azken urtean mobilizazio ugari egin dira, non parte hartze zabalak argi utzi duen auzokoen kezka eta iritzia.
Bi lelo izan dira errepikatuenak: Goia, alucinas, no somos sardinas! eta ume kuadrillek asmatutakoa: Añorga TXIKI: izenak esaten du!. Lelo hauek ondo adierazten dute zentzugabekeriak sortzen dituen amorru eta itolarri sentimenduak.
Umeen kasuan, agian galdera batzuk ere sortu zaizkie: Alkate jaunak auzoaren izena ezagutzen al du? Agian ez da inoiz gure auzora etorri? Edo, akaso, handia/txikia lezioa galduko zuen txikitan…
Alkateak, berriz, agian pentsatuko du ume hauei bideragarritasunaren lezioa falta zaiela oraindik.
Baina, gainontzeko gazteek eta zaharragook, honen inguruan gure ezagutza eta iritzia badugu, alkate jauna. Eta ez dugu onartuko, hainbat ikuspegietatik bideragarria ez den proiektu bat inposatzeko, zuek bideragarritasunaren esanahia manipulatzea eta aitzakia edo mantra gisa erabiltzea. Beste gai edo arrazoi guztien gainetik onartu beharreko zerbaiten moduan aurkezten duzue zuen interpretazio interesatua; beste aukerarik edo irtenbiderik ez balego bezala. Eta, iritzi desberdina dugunak ezer ulertzen ez duten pertsonatzat tratatzen gaituzue. Eskerrak Donostiako Udalean gauza hauek ulertzen eta menderatzen duen jendea zaudetela, ezta?
500 etxebizitza daude Añorga Txikin. Irtenbiderik gabeko bi kale eta plazarik ez. Lurrean marraztutako gezurrezko bi biribilgunetxo, non ez zaborra jasotzen duten kamioak eta ezta autobusak ere, ezin duten buelta eman. Donostiako Udalak inposatu nahi duen 250 etxebizitza gehiagoko proiektua guztiz zentzugabea da, eta, ez, ez da bideragarria. Gehiago sakondu gabe, bi arrazoi nagusirengatik: tokia txikiegia da eta ez gara sardinak.
Beraz, proiektuko etxebizitza kopurua erabat murriztearen eta gaur egun auzoak dituen arazoak konpontzearen eskaeren aurrean, nola arraio ulertu behar da udalaren ezezkoa bideragarritasunaren izenean? Zer hartzen duzue kontuan? Auzoarentzat onurak eta kalteak ez behintzat. Proiektuaren balantzea hau da: Onurarik ez, betiko arazoak areagotuta eta berri batzuk gehituta. Proiektuaren egokitasuna honekin neurtu beharra dago, ezer baino lehen. Ondoren, zenbat diru publiko; hau da, gu denon dirua, bideratu nahi edo behar den eztabaidatu beharko da; ondorioz promotore pribatuei zenbat bideratu, eta abar, eta abar.
Bada, horixe, agindu duzuen parte hartze prozesuaren zain gaude, benetako auzi hauetaz hitz egiteko, eta propagandan saltzen duzuen Donostiako auzo eredua proiektu honetan nola betetzen duzuen ikusteko.
Gure aldetik, auzoarentzat bideragarria den proiektu baten alde lanean jarraituko dugu, Añorga Txikitakook gure auzoa maite eta zaintzen dugulako, bizigarri izan dadin gaurko eta biharko auzokide guztiontzat.