Gora 2016! (edo)
Proselitistak eta injustuak direlako, beti izan dut lintxamendua sufritzen dutenen alde posizionatzeko joera. Kasu honetan ez dut kultur hiriburutzaren moduko makroekitaldi bat defendatuko, baina fundamentu gabeko horrenbeste txorakeria entzun ondoren, hiriburutzaren ejekuzioa hain gogor kritikatu dutenen kriterioa zalantzan jarri beharko genuke.
Izan ere, inor ba al dago 3.000 ekitaldi programatu dituen 2016a bezalako munstro bat epaitzeko moduan? Nire kasuan, aspaldi azaldu nuen publikoki Odon Elorzak goraipatzen zuen hiriburutzarekiko indiferentzia eta eszeptizismoa. Lehen momentutik sumatzen zen helburua «gu mapan kokatzea zela», hau da, turismoa erakartzea. Gure politikari abarkadunen klasiko bat. Baina, inork ezagutzen al zituen kultur hiriburu izandako hirien izenak? Inor bisitan joan al zen kultur hiriburu izan direlako?
Hurrengo urteetan, proiektuarekiko nuen eszeptizismoa areagotzen hasi zen, zehaztasun faltagatik, egitasmoa zabuka ibiltzen hasi zelako, eta politikakeriak guztia urpetzen zuelako. Beraz, 2015eko abenduaren 31an nire axolagabetasuna erabatekoa zen. Programaren dozena bat ekitalditara joan naiz, eta ia denak 2016aren aurretik ere existitzen ziren. Ustekabe ederrak jaso ditut, baita desengainuak ere. Baina desengainurik handiena izan da lintxamendu absurduaren lekuko izatea.
Zubiko inaugurazio ekitaldia –zintzoki, nori demontre axola zitzaion?– gaizki atera bazen, erantzukizuna Hansel Cerezarena da; izen handiko artistak hanka sartzeko susmorik izateko arrazoirik ez zegoen. Ustez gehiegizko aurrekontua duten ekitaldiak egin dituztela? Ziur baietz, diru publikoarekin egindako proiektu guztietan ohikoa baita. Baina ulertezina da horrenbesteko sumindura eta ezinikusia, jendea ez baita haserre bizian jartzen obra zibilera bideratutako diru partidekin, futbolaz ez hitz egiteagatik.
Jendeak zer espero zuen, ba, kultur hiriburutza batengandik? Zenbat ekitalditara joan dira, kristorenak eta bi esateko? Ba al dakite zein aurrekontu duten beste kultur hiriburutzek? Badakite zenbat balio duen horrelako ekitaldi bat antolatzeak? Eta biribilgune batek? Datuak parekatzen ibili dira ala?
Ziur nago gauza batzuk hobeto egin zitezkeela, baina errazagoa da esatea zezena pasatu eta gero. Komunikazioak huts egin duela diote, informazioak gainezka egin digunean. Esango nuke jendea ez dela arduratu, edo ekitaldiak ez direla izan jendearen interesekoak. Badirudi hiriburutzaren bekatu nagusia izan dela izen ezagunagoak –emanaldi mainstreamagoak– , programatzea, ez horren kulturetak. Halakoak iragarri beharrik ere ez zen izango, nahikoa izango baitzen komunikabideen interesa; halakoen bidez sortuko zen hainbeste eskatu den ‘ilusio’ hori. Baina hori al da hiriburu kapitalaren helburua? Ez dut uste.
Noski, artea eta kultura ukiezina, subjektiboa eta abstraktua, beti izan da kritika guztien helbururik errazena. Are gehiago Donostia bezalako hiri burges eta kexati batean. Beste kapitulu bat merezi dute 2016aren aurrekontuaren zati bat harrapatu ez duten «artista» suminduek. Edo iruzur egin dietela sentitzen dutenek, 2016ak ez duelako elkarbizitza hobea edo bakea ekarri, eta ez garelako kultoagoak. Erakundeen diskurtso baikorrak ez direla errealistak? Noski, noiztik botatzen dituzte horrelakoak ba?
Antolatzaileek hanka sartu badute, hori argi eta garbi da ETAko presoen marrazkien aurka ezarritako zentsura kontraesankorra. Denetik egon da. Eta antolakuntzak gauzak beste modu batean egin izan balitu ere, jendeak berdin jokatuko zukeen. Ez dakit hiriburutzak onurarik ekarri dien hiritarrei–askorentzat bultzada ekonomiaz izateaz harago– baina oso (kosmo)paletoa izan beharra dago kaltegarria izan dela esateko.