Gora (Txomingo) errepublika!
Azkenaldian Txomin zeharkatzen duen errepidetik pasatu bazara jabetuko zinen: urte luzez aldaketa nabarmenik jasan gabeko auzoa zeharo aldatu da denbora gutxian. Eta orain askoren ahotan dago lehen existitzen zenik ere ez zekiten auzo hura. Lehen etxeak eraikiak dira jada, eta bizilagun berriak iristen hasiak dira, zerbait berria sortzen ari da, eta horrela saldu nahi izan dute eraikitzaileek, badator «Txomin berria».
Baina, kontuz, berriaren lilurak akaso ekar lezake zaharraren ahanztura. Agian hemendik urte batzuetara ez dugu gogoratuko nola, Donostiako ekialdean izan zen auzo bat zeharo ahaztua. Igeldoko parkearen moduan denboran geratua zegoena. Auzo hau gainera Espainiako estatuaren monarkiatik at zegoen, izan ere «paperetan» Loiola auzoa izanagatik, bertakoek errepublika independente izendatu zuten. Eta ez zen hau soilik maila sinbolikoan geratu. Administrazioaren utzikeriaren aurrean, bizilagunak antolatu eta kirol zein kultura azpiegiturak sortu zituzten auzolanean. Festak ere asmatu zituen auzoak eta tamaina txikikoak izanda ere, hauetan arnasten den etxeko giro goxoa nekez azaldu daiteke hitzez.
Begi bistaz ikus daiteke maila fisikoan Txomin «zaharra» desagertzen ari dela, baino pentsatu nahi dut hondeamakinek ezingo dutela inoiz bota Txomingo izaera errepublikazale eta independentea.