Gorputzean
Erlojuko orratzen
erritmo geldoan
minutuei esan nahi
izan diet “joan!”
baina errenditu naiz
pausaren jokoan
sentitzeko gorputz hau
zer norantzan doan
Azala denez muga
bezain bizikide
Sarriren esaldi bat
egingo dut nire
hitzez sortzen da mila
irudimen-bide
gorputza bihurtzeko
“territorio libre”
Baina sarri isiltzen
dugu gure hitza
besteren oniritzi
bila bagabiltza
gorputz boteretsuei
emateko giltza
gureak makurtzea
da lehen baldintza
Helduak ulertzeko
erdi indarrean
behin gaztelera hartu
nuen bularrean
euskarari joaten
zaio oldarrean
biak bizi baitira
gorputz bakarrean
Birusaren txisteen
zerrenda luzean
mezuak jaso ditut
erdara hutsean
euskara bazterreko
eginaz funtsean
baina badu toki bat
nire gorputzean
Naizen hori onartzen
nahiko nuke busti
goizeko ekaitz bezain
arratseko eguzki
sabel, izter, haragi,
bular, alu, uzki,
gorputz hau maitatzeko
bere hitz ta guzti
Erresistentziaren
gorputzak lekuko
gatazka leher daiteke
hitz egin orduko
dena den hitzei diet
nahieran helduko
naizenari egingo
ez badiot uko
Zaintzen asmatuz gero
duguna gertuen
gorputz bakoitzak zenbat
adaxka dituen
badakigu hizkuntzen,
baratzen, eskuen
txikiak zeinen handi
egiten gaituen
Zure belarrietara
heldu arren arin
eztarri batek ezin
iraultza eragin
ahots tonu bakoitza
izango da lagin
gure hitzen doinua
ahaldundu dadin
Doinua: Alduderi begira