Gosea
Gosea gezurra da. Bai, bai. Ondo irakurri duzu: ge-zu-rra. Ez da existitzen. Ez fisikoki behintzat. Edo zehaztu dezadan: fisikoa ez den gosea ez da existitzen. Alegia, denbora luzez ez badugu jatekorik ahora eramaten, orduan sortzen den gosea fisikoa da, eta hori bai, noski, existitzen da.
Ai ama! Ez nuen uste horren zaila izango zenik gosearen inguruko iritzi artikulu hau! Has gaitezen.
Gose mota ezberdinak daude, baina denek eramaten gaituzte ekintza berera: jakiak irenstera. Eta jakin behar dugu gehiegi jaten dugula lehen munduan. Gosea burmuinean dago, ez urdai edo sabelean. Gure garunak jan behar dugula irizten duenean, gosea jartzen du martxan, eta hau egiteko arrazoi ezberdinak daude.
Pasa al zaizu, adibidez, oporretan zaudela, ezer egiten ez duzunean etengabe ari zarela jaten? Etengabe gose? Ba, zure gorputzak ez du jatekorik behar, baina sarri, aspertzen garenean zerebroak agindu hori bidaltzen du. Nahiz eta urdaila toperaino egon.
Eta sentitzen al duzu egunero goserik otorduak iristear direnean? Gure buruak ohituraz pizten duen alarma da, baina berez ez daki zein kontsumo energetiko burutuko den gero, eta beraz, gosearen mezua zabaltzen du. Gose hau da ohikoena.
Badago beste gose mota bat, baina honek badu lotura fisikorik, nahiz eta sabelarekin loturik ez egon. Odoleko azukre mailak behera egiten duenean burmuinak badaki karbohidratoek lortuko dutela maila gora eramatea, eta hortxe pizten da gosea. Alarma gisa. Baina bazkal ondoren pasa dakiguke hau, tripa bete-bete eginda izugarrizko gosea edukitzea. Diabetikoek ongi dakite zer den sentsazio hau, eta baita porruak erretzen pasatzen direnak ere.
Eta zertarako idatzi dut gosearen inguruko hau? Ba, uste baitut gizarte kapitalista moduan jakin beharko genukeela ezin dugula horrenbeste jaki jan, izan ere askotan ez baititugu bukatzen. Gainera, gorputzarentzat ez da batere ona. Eta bereziki, uste baitut gure burua autokontrolatzeko balio dezakeela gosearen kontziente izatea. Akaso ez diogu jateari utziko baina behintzat jakingo dugu zergatik garen gose. Gure buruak hala nahi baitu.
Hau esanda, hozkailura gerturatuko naiz, ia zer topatzen dudan.