'Gosetuta'
Jon Odriozola, Kazetaria
Festetan murgilduta zegoen Zaragozan lur hartu zuen Realak asteburuan. Pilarikako jaiak. Eta Romareda, festa izan zen bertako zaleen artean mañoek talde-txuri urdina garaitu zutenean. Ezer askorik egin gabe. Beno, bai. Baloi pare bat gipuzkoarren atean sartuz (ez da gutxi). Bi suziri, eta garaipen preziatua. Hiru puntu. Ez da altxor txikia Realak bere Ligako arerioen aurka, azken hiru partidetan garaipenik lortu ez duela ikusita. Zazpi partidetan, zazpi gol lortu dituzte txuri-urdinek. Jaso, berriz, hiru gehiago. Taldea pattal aritu zen igandean, eta zelaian erakutsitako itxura ere ez zen hobea izan. Atzetik dituen taldeen hutsei esker, ez da Reala sailkapenean gehiegi erori. Halere, amildegia, bi puntu eskasetara dauka. Tantaka beherantz doa; beraz, esku-frenoari eragiteko unea heldu da.
Igandean, Pele handiak 71 urte beteko dituen egun berean, Anoetan zakur zahar bat izango du taldeak aurrez aurre: Reala bezala, puntu premia duen Getafe. Gosearen asteari amaiera emateko, hiru puntuak elikagai ezin hobea izan daitezke indar hartu, eta batzuk, jada, ikusten hasi diren mamuak uxatzeko. Denboraldi hasierako esperantzak dezente ahuldu dira zale askoren artean, halere goiari eusteko unea da. Ez alarmaren botoia sakatzekoa. Baina aurrez aurre ikusi eta dastatzen duenaz asebetetzen da pertsona, ez esaten diotenaz. Zaleak ikusi, dastatu eta gozatu egin nahi du taldearekin. Igandea momentu aproposa izan daiteke hiru begi-ondoren ostean, zutik, aldatsari aurre egiteko. Ez da hil ala biziko partida. Baina, bai, garrantzitsua oso zuloan dauden hiru taldeei batik bat begiratuz gero. Zenbat eta eurengandik arinago urrundu, hobe. Eta ostean, Levante liderra eta Real Madril izango ditu arerio Realak; tripa beteta gauzak hobe ikusten dira. Ogi gogorrari, hagin zorrotzak.