Goza dezagun
Eguraldi ona iristearekin batera, eta santutegia aitzaki, beti dago ospatzeko zer edo zer gure inguruko herri, hiri, auzo eta ibarretan. Izan ere, zer da, bada, uda Euskal Herrian festa garaia ez bada?
Eta, bai, nik behintzat maite ditut udako jaiak. Maite ditut txosna, kontzertu, herri bazkari eta txarangak. Urte osoko erritmo frenetikoaren ostean, barrenak husteko eta gozamenerako espazio ezin hobeak direlakoan nago.
Baina, tamalez, festak ez dira poztasun burbuila isolatuak. Festak gure jendartearen eta kulturaren adierazpena dira, eta hortaz, bertan gertatzen diren diren zapalkuntza eta diskriminazioak ere erreproduzitzen dituzte.
Hori horrela, espazio hauek ez daude, beraz, emakume eta genero disidenteek egunero pairatzen dugun indarkeriatik salbu. Eta horren erakusgarri dira, esaterako, Kaiko Karmengo Jaietan salatu diren bi erasoak, edota azkenaldian, sumisio kimikoa helburu, «moda» bilakatzen ari diren ziztadak.
Beraz, uda iristearekin batera, jazoko ditugun erasoak aurreikustea eta horiei erantzuteko bideak prestatzea dagokigu batzuoi. Lan nekeza egin behar izaten dugu, bai aurretik eta baita festek dirauten bitartean ere. Eta hortaz, gure gozamenerako espazioak baldintzatuta gelditzen dira, beste batzuen jarreraren arabera.
Gainera, ukaezina den zuzeneko indarkeria fisiko edo berbalaz haratago, maskulinitatearen espresiorik toxikoenak betetzen ditu festetako espazioak. Besteak beste, dantzarako nahi beste espazio erabiltzea; arropa jantzi edo erantzi nahi den, nahi denean erabaki ahal izatea; indarraren bidez kontzertuetako lehen lerroak bereganatzea; pixa edozein lekutan egiteko eskubidea sentitzea… Honek denak argi adierazten du, beste behin ere, norentzako dagoen pentsatuta espazio publikoa, eta beraz, nor sentitzen den eroso espazio horietan.
Baina festak denon gozamenerako espazio izateko eskubidea dugu, eta horretarako, denoi dagokigu ardurak hartzea. Izan ere, erasoak egiten dira horretarako lekua dutelako, eta erasotzaileak ez dira gure urrunekoak. Hasi, beraz, inguruan gertatzen denaz kargutzen. Behingoz, maite ditudan jaiez nik ere aske gozatu nahi dut eta.