Greba eskubideen urraketa
Azken egunotan, gure ikastetxean, Zubiri Manteon, jakinarazi digute ikasleen grebak ez direla justifikatuko. Erabaki horrek oinarrizko eskubide bat urratzen du —grebarako eskubidea—, Konstituzioak eta hezkuntza araudiak aitortzen dutena, eta atzerapauso larria da ikasleen parte hartzearen eta ahots propioaren aurrean.
Greba ez da soilik lan arloko tresna bat; ikasleok ere erabiltzen dugu gure eskubideak eta iritziak defendatzeko. Greba ez justifikatzeak esan nahi du parte hartzea zigortzea, konpromiso soziala mespretxatzea eta mezu hau bidaltzea: protestatzea alferrikakoa dela.
«Hezkuntza ez da soilik azterketak gainditzea. Hezkuntza ere bada gure eskubideak erabiltzea, gure iritzia defendatzea eta gizarte bidezkoago bat eraikitzea»
Horregatik, ikasleok gure ahotsa altxatu nahi dugu. Eskatzen dugu ikastetxeek eta hezkuntza erakundeek ikasleen iritzia entzun eta errespetatu dezatela. Ez gaitzatela isilarazi falta edo zigor bidez; aitzitik, parte hartzea eta pentsamendu kritikoa sustatu ditzatela.
Hezkuntza ez da soilik azterketak gainditzea. Hezkuntza ere bada gure eskubideak erabiltzea, gure iritzia defendatzea eta gizarte bidezkoago bat eraikitzea.
Horregatik, entzun gaitzatela. Ikastea ez baita soilik ikasgelan gertatzen: ikasleon ahotsa ere bada hezkuntza.
Artikulu honen bidez ere komunikatu nahi dugu hurrengo astelehenean, 2025eko azaroaren 3an, ikastetxeko zuzendaritzan presioa sortuko dugula gure aldetik eta ez garela mugituko zuzendaritzarekin bilera bat lortu arte, gai hau konpondu ahal izateko.


